En directo

Ion T. Barrena / Ainara Rodriguez

Covid datuak, PCR proben eraginkortasuna eta balizko txertoaz Izortze Santin ikertzailearekin

Covid19aren aurkako balizko txertoaren bilaketa azkartu egin da azkenaldian. Hori iristear dagoela dirudien arren, Izortze Santin EHUko irakasleak eta Biogurutzetako ikertzaileak uste du balitekeela inoiz ez ailegatzea. Dena den, orain arte ez du ezagutu txerto bat topatzeko horrelako saiakerarik eta zentzu horretan esperantzarako tartea ere utzi du. Berarekin egin dugu egoeraren errepasoa Informazioren Harian.

Audio_placeholder

Covid datuak, PCR proben eraginkortasuna eta balizko txertoaz Izortze Santin ikertzailearekin

Loading player...
Oxford-eko unibertsitatea eta AstraZeneca garatzen ari den entsegu klinikoa aldi batez geldiarazi dute (Ernesto BENAVIDES / AFP)
Oxford-eko unibertsitatea eta AstraZeneca garatzen ari den entsegu klinikoa aldi batez geldiarazi dute (Ernesto BENAVIDES / AFP)

Izortze Santinentzat zaila da egoera definitzen, zerekin konparatu definitu beharko litzateke lehenago. Esaldi batean laburbildu du: «Badirudi lehen olatuan baino egoera hobean gaudela, baina pandemia ez dago kontrolatua».

Eman dituen artean, Covid19an positibo eman duen bakoitzeko egiten diren PCR kopurua nabarmendu du. Azaldu du aurreko oldarraldian baino PCR kopuru gehiago egiten ari dela orain, baina oraindik ere «gutxi» dira. Kasu bakoitzeko egiten den PCR kopuruan jarri du arreta, «20 PCR baino gutxiago egiten badira positibo bakoitzeko, ez daukagu gaitzaren garapenaren kontrola». Une honetan hemen kopuru horren azpitik egiten dira bataz beste, beraz ez dugu birusaren arrastoa «behar bezala identifikatzen».

Hauxe izan liteke, hain justu, egungo datu eskasen arrazoietako bat bere ustez, baita deseskalatzea «azkarregi» egin izana ere.

PCRen fidagarritasuna

Koronabirusa baieztatzeko bideen artean dago PCR proba. Ezbaian jarri dute batzuk honen fidagarritasuna, baina Santinek ez du zalantzarik: «Oso espezifikoa da, sentsibilitate handia du».

Covid19aren aurkako balizko txertoaren bilaketa azkartu egin da azkenaldian. Santinek ez du sekula ezagutu txerto baten bilaketarako horrelako mugimendurik, baina hala izanda ere, ez du esan nahi aurkituko denik. Hala ere, esperantzarako izpiak ere utzi dizkigu: «200 txerto baino gehiago daude une honetan frogatzen. Orain arteko datuak positiboak dira, esperantza ematen dute, baina horien entseguak amaitu arte ezingo dugu jakin eraginkorrak diren».

Azken orduetan hizpidea sortu du Oxfordeko unibertsitateak eta AstraZeneko enpresa farmazeutikoak elkarlanean garatzen ari diren entsegu klinikoa gelditu izanak. Antza kontrako ondorio larriak eragin dizkio paziente bati, eta aztertu bitartean bertan behera uztea erabaki dute.  «Hala izanik ere -dio Santinek-, positiboa da, segurtasun protokoloak betetzen ari direla esan nahi baitu».

Guztian bezala, honetan ere geopolitikak zeresan handia duela gaineratu du. Errusian, Txinan edota AEBtan ikusi dira hainbat saiakera txertoak erregistratzeko, baina azaldu du horrek ez duela esan nahi martxan jarriko direnik.

Jaurlaritza Logoa