En directo

«Ezin dugu besterik pentsatu. Susmoa daukagu ikastetxeak irekiko dituztela berriz ere ixteko, merkeago edo errentagarriago izan daitekeelakoan». Horrelakoxe garbi adierazi du Nagore Iturriozek, STEILASeko ordezkariak Informazioaren Harian. Kexu dira ikasturtea asteko aste eta erdi falta den honetan berri oso gutxi dituztelako. Eurek diote aurrez aurreko klaseekin hastea «ezinbestekoa» dela, zaurgarrienak izan daitezkeen kolektiboak, zein «ikasleen egoera emozional eta akademikoa» babeste aldera.
Halaber, «baliabide falta nabaria» dagoela uste du STEILASeko ordezkariak. Horregatik elkarretaratzerako deia egin dute ostegun honetarako. Horren aurretik izan gara berarekin Naiz Irratian, eta ziurtatu du «bitxia» dela alde batetik «hainbat eskumen goraipatzea», baina era berean, erkidego bakarra izatea ikasturte hasierarako «baliabide gehigarriak» jarri ez izana. «Ulertezina» dela gaineratu du Iturriozek.
Azken orduetan ekainean aurkeztu zuten protokoloari eutsi dio Iñigo Urkullu lehendakariak, baina STEILASek uste du zehaztasun asko falta direla: «Hori aurrera eramateko baliabideak behar dira, giza baliabideak, baliabide materialak… protokolo hori aurrera eramateko gutxienez 3.000 kontratazio egin beharko lirateke».
Eskolak hasteko aste eta erdi besterik falta ez denean, «tamalgarritzat» jo du Iturriozek egoera. Baliabide falta ez ezik, gabezia gehiago ere nabarmendu ditu, hala nola, osasun egoera berezia duten langileei babes zehatzak ematea, arlo juridikoan babesa langileentzat, erizainak egotea ikastetxeetan… Gehitu du, gainera, ez dutela euren proposamenak Hezkuntza Sailari aurrez aurre helarazterik izan.
Elkarretaratzea
Ostegun honetan Lakuan egitekoa duten protesta ekimenean baliabide gehiago eskatuko dizkiote Hezkuntza sailari. Arlo publikoari begira jarri nahi izan dute oraingo honetan. Nahiz eta eurak izan gaurko mobilizazio honen deitzaile bakarrak, sindikatuen arteko harremanak «onak» direla ziurtatu du Iturriozek, eta STEILASek etorkizunean «elkarlan eta indarrak batzeko» prest jarraituko duela segurtatu du.


