En directo

Amaia Zurutuza

«Beldurtuta gaude pandemiak saharar errefuxituen kanpalekuetan izan dezakeen ondorioarekin»

«Koronabirusari aurre egiteko herrialde garatuetan ez badago bide bat, imaginatu errefuxituen kanpalekuetan». Juventud Activa Saharaui taldeko Fatimetu Zenanek sahar errefuxituek Argeliako kanpalekuetan bizi duten egoera azaldu du Naiz Irratian.

Audio_placeholder

«Beldurtuta gaude pandemiak saharar errefuxituen kanpalekuetan izan dezakeen ondorioarekin»

Loading player...
Saharar errefuxituen kanpaleku bat
Saharar errefuxituen kanpaleku bat

Sahararrak, euskaldunak nahiz estatu espainiarrekoak. Saharar errefuxituen kapalekuetan bizi den egoerarekin kezkatuta dauden hainbat lagunek Juventud Saharaui Activa taldea sortu berri dute. Saharar herriaren egoeraren berri ematea dute helburu, baita une honetan pandemiak sortu duen egoera zailean laguntzea ere. 

Fatimetu Zenan Argelian kokatuta dauden kapalekuetan jaio zen. Euskal Herrian bizi da egun eta kezkatuta dago bere herrikideengatik. «Kanpalekuetan duela 45 urte baino gehiagotik bizi den egoera latza da, baldintza kaskar eta gogorretan bizi dira eta pandemiak are gehiago astindu ditu». Errefuxituak «nazioarteko laguntzari esker bizi dira, menpeko dira eta pandemiak mugen itxiera behartu duenez laguntza blokeatuta dago»

Bitartean, koronabirusa kanpalekuetara iritsi dela azaldu du Zenanek. «Ofizialki lau kasu baieztatu dira». Gazte sahararrak ohartarazi du «leku askotan zenbatekoak handitzen ez diren arte» jendea ez dela larritzen eta horregatik sortu dutela, besteak beste, Juventud Activa Saharaui taldea, «kontzientziazioan laguntzeko». Izan ere, «ez bagara lanean jartzen osasun hezkuntzaren arloan birus honek gurekin amai lezake, ez geralako asko, 200.000 gara», ohartarazi du. Kanpalekuetako osasun sistemaren baliabideak mugatuak direla gogoratu du, birusaren hedapen batek izan lezakeen ondorio larria ikustarazteko. 

Une honetan, beraz, kontzientziazioa, osasun hezkuntza bultzatzea da taldearen helburuetako bat. Telefono bidezko kontsultak egiteko plataforma bat ere ari dira sortzen. Eta hirugarren helburu nagusia, osasun materiala lortzea kanpalekuetara bidaltzeko.   

1999. urtean sortu zen gazte sahararrak urteak daramatza Euskal Herrian baina ez du bere jatorria ahazten. «Ezinezkoa da zure jatorria, zure familia ahaztea, kanpalekuetako bizimodua ahaztea». Halaber, Saharar Mendebaldean saharrarek jasaten dituzten «eguneroko bortxaketak» ez ditu aipatu gabe utzi nahi izan. Egoera honetan, desertuan bizi ez direnek «saharraren egoeraren berri emateko eginbeharra dute», dio. Gaineratu du sahararrena ez dela «gatazka humanitario bat», gatazka politiko bat baizik eta horregatik konponbideak ere politikoa izan behar duela azpimarratu du. 

Jaurlaritza Logoa