En directo
Joan den abuztuan 'Beste Bat' saioak hasi zirenetik ia 50 musikari eta talde pasa dira Naiz Irratitik. 12 hilabete hauetan estilo ezberdineko euskal taldeak ezagutu ditugu, eta talde horientzako erreferentzia diren beste talde asko entzun. Aste honetan abiatuko da bigarren denboraldia: G.A.Z limbo, Elizagoien ahizpak, Kaleko Urdangak, Physis versus Nomos eta Skabidean taldeek emango diote hasiera denboraldi berriari.
Abuztuko saioak oso anitzak izango direla aurreikusi daiteke: trapa, trikitixa, punk, oi!, reggaea, rocksteadya, eta folk psikodelikorik ez da faltako. Abuztuan, ohiko ordutegiarekin jarraituko dute saioek. Astelehenetik ostiralera, arratsaldeko 15:00etan.
Lekeitioko 'G.A.Z Limbo'-ko taldekideek «trapa egiten dugun metaleroak» bezala definitzen dute beraien burua. Taldekideen abizenen hizkiei erreferentzia egiten die 'G.A.Z'-ek, eta 'Limbo'-k, berriz, bizi izan duten noraeza musikalari. Orain, ordea, badirudi argi dutela zer egin nahi duten, eta aurten kaleratu dute 'Limboys' izeneko EP-a, 'Dumb Boys' taldearekin batera. Konfinamenduan ere ez dira geldirik egon. Abuztuko astelehenetan egingo dute 'Beste Bat' saioa.
Astearteetan Etxalarko Itxaso eta Irune Elizagoien ahizpek egingo dute saioa. Itxasok azkar mugitzen ditu behatzak trikitixarekin eta haren ahizpak erritmoa markatu panderoarekin. 2002an sartu ziren txapelketa munduan, eta 27 txapel jantzi dituzte. 2015an txapelketak utzi zituzten, Carlos Nuñez gaita jole gailegoarekin kolaboratzen hasi baitzen Itxaso. Hala ere, bi ahizpa hauek tartea badute plazaz plaza ibiltzeko, erromeri talde moduan.
Asteazkenetan 'Kaleko Urdangak' taldea izango dugu Naiz Irratian 'Beste Bat' saioa egiten. Info Zazpi irratiko 'Kaleko mobida' saioan elkartu ziren, handik lokalera pasa eta 2011n eta 'Kaleko Urdangak' punk, oi! taldea sortu zuten. Laster beteko ditu taleak 10 urte, eta urteurren ospakizunik gabe ez direla geratuko zin egin zitun Ekaitz Etxezarretak 'Musikharia' saioan, beraien azken diska aurkeztera etorri zirenean.
'Physis Versus Nomos' Beñat Antxustegi Goikoetxearen proiektu pertsonala da. Bakarkako hainbat disko plazaratu ditu, folk psikodelikoaren ildoan, eta bitan irabazi du EHUko Mikel Laboa Katedrak antolaturiko sormen lehiaketa. Lehen aldiz bandarekin grabatu du bere laugarren diskoa den ‘Arraro nioenean’ (2019). Konfinamendua kantu berriak sortzeko baliatu du Antxutegik, hemen 'Pandemia Kalabazan' kantua.
Ostiraletan, Iruñetik egingo da 'Beste Bat' saioa. Naiz Kontzertuak -en ere gozatu dugu beraiekin, baina, baita Naiz Irratian ere! Iruñerriko 'Skabidean' bandak ere gehituko da 'Beste Bat' saioetara. 2011an sortua, egun 11 kidek osatzen dute taldea, ska, reggae, rocksteady... horrelako doinurik behintzat ez da faltako ostiraleko 'Beste Bat' saioetan, ederki uztartzen baititu doinu horiek 'Skabidean' -ek.
'Beste Bat' saioaren lehen denboraldia
Pasa den abuztuan abiatu ziren 'Beste Bat' saioak. Musika da 'Beste Bat' saioaren oinarria, musikari bakoitzak fonoteka bat osatzen baitu bere erreferentziazko talde eta kantu kuttunekin. Saioak astelehenetik ostiralera emitizen dira, arratsaldeko 15:00etan. Hemen entzun ditzakezue lehen denboraldiko saio denak.
Hauek lehen denboraldian parte hartu duten musikariak:
Miren Narbaiza, Okene, NizuriTa Zuneri, Olatz Salvador, Mikel Markez, La Pulga & Ruben Sanchez, Petti, Ibon RG, Dupla, Ane Garcia, Ibil Bedi, Eraul, Amorante, Birkit, Eneritz Furya, Zazkel, Montauk, Andoni Tolosa, Txuma Murugarren, Jurgi Ekiza, Maria Rivero, Broken Brother Brass Band, Gorpuzkingz, Joseba B. Lenoir, Iñorkiñak, Occhi di Farfalla, Serpiente, Aguxtin Alkahat, Katanga Dub, Gaizka Insunza, Estitxu Pinatxo, Dj bull, Orbel, Koban, Giranice, Hannot Mintegia, Gatom, Madeleine, Aitor Etxebarria, Hatxe, Kai Nakai & Chick Juarez, Bulego, June Calsor, Maisha MC, Sara Zozaya, Gozategi eta Rodeo.