En directo

Naiz Irratia

Koldo Tellitu: «Ez dugu ulertzen zergatik Jaurlaritzak ez duen baliabideetaz gehiago hitz egiten»

Pandemia egoera honek galdera asko utzi ditu airean. Eta galdera horiek ugaritu egiten dira ikasturte berrian pentsatzen hasten garenean. Bizi dugun abagunea ikusita, Ikastolen Elkarteko lehendakaria den Koldo Tellituk uste du ezin dela «normaltasunaz» hitz egin, eta baliabideak beharrezkoak izango direla erronka mardul honi aurre egiteko.

Audio_placeholder

Koldo Tellitu: «Ez dugu ulertzen zergatik Jaurlaritzak ez duen baliabideetaz gehiago hitz egiten»

Loading player...
Koldo Tellitu (Jaizki FONTANEDA / FOKU)
Koldo Tellitu (Jaizki FONTANEDA / FOKU)

Nola hasiko ote den ikasturte berria ikastetxeetan. Horixe da une honetan galdera handienetako bat. Koldo Tellituk ziurtatu du ikastolak eszenatoki berrirako prestatu direla, baina edozein kasutan, ez duela uste «Jaurlaritzak aurreikusten duen normaltasun egoera» egongo denik. Bere ustez, «eredu mistoaren aldeko» apustua egin beharko dute: «Horrek esan nahi du ez dela erabateko normaltasuna egongo, baina ezta erabateko pandemia egoera ere». Agertoki horretan adin txikieneko haurren aurrez aurreko eskolak mantendu nahiko lituzkete, eta aldiz, adinean aurrerago doazenetan klase presentzialen eta telematikoen arteko eredua.

Berak dio iraileko zein hurrengo hilabeteetako bilakaera zein izango den aurreikustea zaila dela, baina ez dutela baztertzen berriz ere %100ean klase telematikoetara itzultzea.

Tellituk, halaber, zalantzan jarri ditu Hezkuntza Sailaren aurreikuspenak. Pandemia dagoen momentuan egonda, berak dio ezin dela «normaltasunaz» hitz egin. Ildo horretan, ez du egokia ikusten «baliabideen inguruan» gehiago ez hitz egitea. «Badakigu Europatik funtsak iritsiko direla ikasturte berrian, eta hainbat erkidegok aurreratu dute hezkuntzara bideratuko dituztela. Hemen Jaurlaritzak ez du argitu funts horiek zertara bideratuko dituen eta gure ustez hori da kezkagarriena une honetan». Tellituk argi du irakasle gehiagoren kontrataziorako baliatuko lukeela funts hori.  

Euskara, kezka iturri  

Euskararen erabileraz eta kalitateaz ere kezka adierazi du; ikasle askorentzat ikastolaren gunea da euskararekin duten kontaktu bakarra, eta egoera honek guztiak hizkuntzari kalte egin diezaiokeela uste du. «Asmatu beharko dugu gabeziei aurre egiten».

Ildo berean, tramitean dagoen Hezkuntza Legea berria ere izan du hizpide. Horren garapenean daude egungo gakoetako asko, dioenez.  

Alarma egoera iristearekin bat, bertan behera geratu zen Ikastolen VII. Batzarrerako eztabaida prozesua. Urrian jarriko dute martxan berriz ere eztabaida, hankaz gora jarritako egoera normaltzea lortzen bada bederen.

Jaurlaritza Logoa