En directo
Abenduan eman zuen azken kontzertua Esne Beltzak, Donostiako Intxaurrondon izan zen hura. Apirilean hastekoa zuten bira berria baina koronabirusaren krisiak bertan behera utzi du, udarako programatutako kontzertu denak bertan behera geratu dira, «hogeita hamar edo berrogei bat», Xabi Solanok NAIZ Irratian azaldu duenez.
Beraz, berriz taulara igotzeko gogo biziz da taldea, eta handira joz igoko da gainera, «Normalean hamasei bat pertsona mugitzen gara, baina NAIZen kontzertura hogeita bi joango gara. Horietako hamalau igoko gara eskenatokira, gainerakoak teknikariak dira». Solanok azken hauen eta musikatik bizi diren guztien egoera azpimarratu nahi izan du, «Esne Beltzako musikari denok beste lan bat badugu, irakasleak gara edo beste lan batzuk baditugu, hau gabe ere bizi ahal gara. Nolabait 'hobby' bat da hau, nahiz eta nahikoa lan ematen duen. Baina, taldean badira batzuk honetatik bizi direnak eta babestu egin behar ditugu, ahaztu egin dira beraietaz eta laguntza handia behar dute».
Ostiraleko Bermeoko kontzertuaren xehetasunak gorde egin nahi izan ditu Solanok, «ez dugu ezer aurreratuko», baina gosea pizteko adinako kontu batzuk aipatu ditu. Batetik, «sorpresak» izango direla, bestetik «kolaborazio ikusgarri» batzuk ere iragarri ditu, eta musikari dagokionez, «zerbait berria izango da, abestien aldetik ere bai, sekula jo ez ditugun kantuak ere izango dira».
Etenik ez
Konfinamendu garaia ez da geldi egoteko garaia izan, ez taldearentzat eta ezta Xabi Solano berarentzat ere. Bere proiektu pertsonalarekin hainbat kontzertu eman ditu, bai streaminez lehenengo eta baita gero aurrez aurre ere. «Bereziak izan dira, jendea maskararekin, eserita...». Eserita egote horrekin ditu zalantza gehien, Esne Beltza ez baita eserita ikusteko taldea, «saiatuko gara, ia zer ateratzen den».
Xabi Solanori elkarrizketa | OSORIK:
...eta kontzertuak ere ez dira soilik entzutekoak, baita ikustekoak ere. Esne Beltzak mimo bereziz landu du arlo hori aspalditik, Solanok NAIZ Irratiko Musikharian gogoratu duenez, «kontzertu batera goazenean ez goaz soilik entzutera, ikustera ere joaten gara eta horri garrantzia handia eman behar zaio». Proiekzioak kontzertuetan, berdin break edo euskal dantzari bat... «normalean talde batek zuzeneko bat prestatzen duenean hiru edo lau urte egiten ditu horrekin, guk urtebete egin eta ia nazkatu egiten ginen eta urtero-urtero zerbait berriaren bila joan gara».
Disko berria ere, bide berrietan barrena
Estilo ezberdinetan dantzan doa sortu zenetik Esne Beltza, behia sinbolo gisa hartu zuen hartatik egungo lehoi koloretsura, «Euskal Herria oso musika estilo berdinekoak izan gara beti eta guk nahi izan dugu fusio horren bila joan. Trikitia bezala euskal instrumentu bat izanda horrek ia beste puntu bat ematen zion eta noski, horrelako musika estilo ezberdinetan sartuta gure hizkuntza hor izan da beti, euskara. Guk beti eutsi diogu gureari». Fusioa askotarikoa izan dutela nabarmendu du Solanok, «bai musikalki, baina baita kulturala ere, hizkuntzena, instrumentuena... guk beti egin nahi izan dugu zerbait berria, zerbait aportatu... Orain disko berriarekin ari gara eta zerbait berriaren bila gabiltza, beti bezala. Zerbait berria egin nahi dugu, urte asko daramazkigu musikan eta gustatzen zaigu esperimentuak egitea».
Solanorenak entzunda, ostiral honetan bertan, agian, esperimentu horietako bat ikusi eta entzuteko aukera ere izango da. Sarrerak, bai bertatik bertarakoak eta online ikustekoak naiz.eus/naizkontzertuak webgunean.