En directo

Iker GURRUTXAGA

Kantu «berri-berriak» eta «klasikoen» bertsio gaurkotuak iragarri ditu Belakok ostiralerako

'Auto-tour' bira berezia bukatu berritan elkarrizketatu ditugu Belako taldekoak. Madrilen promozio elkarrizketak grabatzetik iritsi berritan, ostiraleko kontzertuaren bezperatan, Lander Zalakain taldeko bateria-jotzailea izan da NAIZ Irratiko MusikHarian. Zer ikusiko dugu ostiralean? «Lau gazte emozionatuta», erantzun du Zalakainek zuzenekoetara itzultzearekin pozik. 

Audio_placeholder

Kantu «berri-berriak» eta «klasikoen» bertsio gaurkotuak iragarri ditu Belakok ostiralerako

Loading player...
Ostiralean kontzertua emateko gogoz daude Belako taldekoak
Ostiralean kontzertua emateko gogoz daude Belako taldekoak

«Belakoren ohiko kontzertua izango da, ez da ezer berritzailea izango, baina jendeak espero ez dituen gauzak ere izango dira tartean», horrela definitu du MusikHaria saioan Lander Zalakainek, Belako taldeko bateria-jotzaileak, ostiralean, gaueko 22:00etan, Azpeitiko Sanagustin Kulturgunean izango den emanaldia.

'Plastic drama' diskoa kaleratzekotan ziren udaberri honetan Mungiako taldekoak, baina, krisi sanitarioa dela medio, abuztuaren 28ra arte atzeratu behar izan dute kaleratze hori. «Ez zait halako hitzak erabiltzea gustatzen, baina mundu mailako estreinaldia izan behar zuena, atzeratu egin zaigu», aipatu digu Zalakainek.

Hala, egoera berrietara egokituz, disko berriko sei kantu aurreratu dituzte dagoeneko. «Gu nahikoa tradizionalak gara kontu hauetarako eta egia esanda kostatu egin zaigu erabaki hori hartzea. Izan ere, disko baten atzetik lan handia dago, eta balioa eman nahi genion egindako horri. Baina egoera desberdina dela ere onartu behar da eta ohikoa baino kantu gehiago zabaldu ditugu diskoa atera aurretik».

Autozineetan egin dute oholtzetarako itzulera Belako taldekoek; Denian, Madrilen eta Getxon emandako kontzertuetan. «Esperientzia berezia izan da, desberdina. Lan handia eman digu, hemeretzi lagun ibili gara atzera eta aurrera, emanaldi bereziak izateaz gainera dokumental txiki bat ere grabatu dugulako», azaldu du Zalakainek. Bertarako propio sortu dituzten proiekzioekin aurrera begira areto eta zinematan jotzeko atea zabalik dutela aipatu du, gainera.

Ostiralerako urduritasun puntua dutela dio Zalakainek, sarrerak oso azkar agortu zirela eta horrek ere zirrara berezia sortzen diela gaineratuz. «Aurreratu dezakegu disko berriko kantu berriak joko ditugula batetik, bertsioren bat egon daitekeela bestetik, eta aurreko diskoetako kantuen bertsio gaurkotuak ere joko ditugula ostiralean Sanagustinen». Kontzertuen berezitasunak direla-eta, «ohikoa baino gehixeago hitz egiten» ari direla ere aipatu du eta ostiralean kantuen inguruko azalpenak ere ematea aurreikusten du.

'Plastic drama', «plastikozko dramak» azaleratu nahi dituen lana eta, bidenabar, «plastikoaren drama» ere agerian utzi nahi duena, ostiralean, uztailaren 10ean, zuzen-zuzenean aurkeztuko digute, beraz, Belako taldekoek. Kontzertua bertatik bertara ikusteko sarrerarik geratzen ez den arren, sarean ikusteko aukera izango da eta horretarako naiz.eus/naizkontzertuak webgunera jo eta bertan eros daitezke.

Bitartean, gozagarri, 'Truce' kantuaren bideoklipa zintzilikatu dugu hemen. «Gabonetan Bilboko barraketan grabatu genituen irudiak. Modu horretara, Belako taldea ez dela askok esaten duen bezain iluna eta umoretsuak garela erakutsi nahi izan dugu. Irudiak grabatu genituenean ez genekien zertarako erabiliko genituen, baina kantu honekin parean jotzen dutenez, horrela kaleratu dugu», nabarmendu du Zalakainek.

Barraketan haiek dibertitu ziren bezain beste dibertituko gara gu ere, ziur, ostiraleko kontzertuan.

Jaurlaritza Logoa