En directo

Naiz Irratia

Lurgida, etxera begirako turismo jasangarria sustatzeko tresna

Gure herriaren ezagutza sakona eta turismo jasangarria bultzatzea du xede 'Lurgida' aplikazioa eta webguneak. Hala bada, barne turismoari zein kanpo turismoari zuzentzen zaion tresna dira. Txoko eta egitasmo nahiz ospakizun ezberdinak bisitatzeko eta ezagutzeko aukera ematen dute. Gehiago jakin asmoz, proiektuaren sustatzaile den Udalbiltzako Jabi Asurmendi lehendakariarekin hitz egin dugu Naiz Irratian.

Audio_placeholder

Lurgida, etxera begirako turismo jasangarria sustatzeko tresna

Loading player...
Udalbiltzak Lurgida APP turistikoa aurkeztu du. (Gorka RUBIO/FOKU).
Udalbiltzak Lurgida APP turistikoa aurkeztu du. (Gorka RUBIO/FOKU).

'Lurgida' aplikazio turistikoa eta webgunea kaleratu berri du Udalbiltzak. Honen helburuak, Jabi Asurmendi Udalbiltzako lehendakariaren hitzetan, «turismo jasangarriago bat edo bestelako turismo eredu bat sustatzea, eta, turismoa lehen sektorearekin uztartzea» dira. Halaber, Euskal Herriaren «kohesioa» sustatzea ere bilatzen duela gehitu du Udalbiltzako lehendakariak.

2017an sortu zen 'Lurgida'ren egitasmoa; etxekoentzat tresna erabilgarri izateaz gain, kanpokoei Euskal Herria herri gisa erakutsi zieten baliabidea izatea ere nahi zuten. Horregatik, lau hizkuntzatan dago erabilgarri aplikazioa, euskaraz, gazteleraz, frantsesez eta ingelesez. 

Asurmendiren ustez, ohituraz kanpora jo ohi dugu askok oporraldian, baina gure herrian txoko interesgarri ugari dagoela ziurtatu du. Ildo horretan, «barne turismoa sustatuko duen tresna» izatea nahiko lukete, «ezagunak diren, baina baita ez horren ezagunak diren txokoen» berri emanez.

Izan ere, aipatu du turismo jasangarria garatzeko beharra dugula; «egungo turismo ereduak arazoak dakartza, masifikazioa, gentrifikazioa, leku turistikoetan ohiko etxebizitza eskuratzeko dakartzan zailtasunak… horiek guztiak saihestera joan behar gara».

Furgoneta eta karabanentzako alternatibak

Euskal Herrian zaletuak gara furgoneta edo autokarabana hartu eta alde batetik bestera ibiltzen; bada, 'Lurgida' aplikazio turistikoan ere furgonetei eta autokarabanei ongi etorria egiten dieten etxalde eta baserrien zerrenda propio bat ere osatu dute.

Aplikazioa IOS eta Android sistemetarako dago garatuta; halaber, Creative Commons lizentzia irekiaren pean eskaintzen dutela ere azaldu du Asurmendik.

Jaurlaritza Logoa