Rosa Zarraren senideak: «Beharrezkoa da herri honetan denok sufritu dugula onartzea»

25 urte dira Ertzaintzaren pilotakada baten ondorioz Rosa Zarra donostiarra hil zenetik. Xabier Irazusta eta Maider Irazusta aita-alabek aitortzaren zain jarraitzen dute.

Loading player...
Amaia Zurutuza|30/06/2020
Rosazarra
Rosa Zarra gogoan atzo Donostian. (Gotzon ARANBURU / FOKU)

Rosa Zarra Marín 1995 urteko ekainaren 22an zauritu zuen Ertzaintzak gomazko pilota batekin eta zortzi egun geroago, ekainaren 30ean, hil zen 58 urte zituela.

Donostiako Parte Zaharrean jaioa eta Amarako bizilaguna, Rosa Zarra mobilizazio batean parte hartzera joan zen Donostiako Anoeta estadioko inguruetara. Istiluak sortu ziren ertzainen eta manifestarien artean. Istiluak baretzean, bi ertzain Rosa Zarra eta beste pertsona batzuk zeuden txokora hurbildu eta gomazko pilota bat jaurti zuten Zarra sabelaldean kolpatuz.

Familiak Ertzaintzaren aurkako salaketa jarri zuen. Eztabaida sortu zen, ordea, familiaren eta Ertzaintzaren ordezkari politikoen artean Rosa Zarraren heriotzaren arrazoiaz, kolpatu zuen pilotak eragindakoa zen ala aurretik Rosak zuen osasun arazoaren ondorioz gertatu zen. Azkenean, 1995eko irailean bertan epaileak senideek jarritako salaketa artxibatzea erabaki zuen.

Giltzurruneko transplantea egina zuen Rosa Zarrak baina bere osasun egoera ona zela kontatu dute Naiz Irratian Xabier Irazusta senarrak eta Maider Irazusta Rosaren alabetako batek. Ez dute dudarik pilotakadak sorturiko zauriek eragin zutela heriotza.

25 urteren ostean, ordea, egiaren zain jarraitzen dute. «Egia ez zaie interesatzen, guk egia eskatzen dugu, hori da zor dutena». Egiak zauria isten lagunduko lukeen galdetuta, «ez dizu ama edo emaztea bueltatuko baina bai lagunduko luke. Petsona bat galtzea txarra da baina gainera aitortzarik ez egotea, berriro hilko balitz bezela da», dio alabak. «Ez gugatik bakarrik hainbeste egoera daude herri honetan argitu gabe», gaineratu du Xabier Irazustak.

Herri honek biktima guztien aitortza egiteke duela nabari da Xabier eta Maider entzunda: «Esan ‘ez genuen ondo egin’, horrek ama ez du bueltatuko, noski, baina gutxienez injustizia sentsazioa kentzeko balioko du». «Ez da gure kasua bakarrik, hainbeste daude… herri honek asko sufritu du, baina ez batzuk bakarrik, gehiago gara, dena onartu behar da, beharrezkoa da hemen denok sufritu dugula onartzea».

NOTICIAS RELACIONADAS

FM Bilboaldea 92.2 · Gasteiz eta Lautada 91.5 · Donostialdea 93.8 · Durango 97.4 · Gernika 96.7· Leitza 95.1 · Bortziriak 103.1 · Urola 91.8 · Goierri 102.2 · Legazpi 94.6
@NAIZIrratia