En directo

Naiz Irratia

Egungo eredu «heteropatriarkal» eta «misoginoa» aldatzea helburu

Azken urteetan berdintasunaren aldeko diskurtso ugari entzun izan ditugu alderdien edo erakunde publikoetako ordezkarien ahotik, baina ondoren, hitz horiek ez dira islatu polita edo ekinbide zehatzetan. Hala dio EMAGINek, pentsamendu kritiko feminista sustatzea helburu duen elkarteak. Datorren U12ko EAEko Legebiltzarrerako bozen kanpainan sartu garen honetan, erakundeetatik bideratzen diren politika feministei begira jarri nahi izan dugu gaur EMAGINeko bi kiderekin, Miren Aranguren eta Amaia Zufiarekin.

Audio_placeholder

Egungo eredu «heteropatriarkal» eta «misoginoa» aldatzea helburu

Loading player...
Diru-laguntza deialdia oraindik ez dela publikatu eta, salaketa oharra kaleratu du EMAGINek. (Jon URBE/FOKU)
Diru-laguntza deialdia oraindik ez dela publikatu eta, salaketa oharra kaleratu du EMAGINek. (Jon URBE/FOKU)

Definitzen zaila den arren, ezinbestekoa den mugimendua da feminismoa Aranguren eta Zufiarentzat. Feminismoak egungo jendartean funtsezko papera betetzen duela ziurtatu du Arangurenek, eta Zufiak, berriz, ezinbesteko sare edo ehuna dela. Erakunde publikoek mugimendu feministaren lana behar bezala aitortzen ote duten galdetuta, Arangurenek argi dio ezetz; eredu heteropatriarkal eta misoginoetan oinarritzen direla segurtatu du.

Garbiketa moreaz mintzo dira EMAGINen erakunde publikoez ari direnean. Zufiak azaldu du erakunde publikoetako ordezkariek, maiz, feminismo eta berdintasun hitzak izaten dituztela ahotan, baina gero ez direla politika zehatzetan ikusten. «Aurpegi zuriketari esaten diogu guk garbiketa morea». Arangurenek aitortu du, edonola ere, erakunde publikoetan lan egiten duten berdintasun teknikarien artean profesional oso onak daudela, baina gero ez dagoela estrategia komun bat aurrera eramateko.

Uztailaren 12ko hauteskundeei begirada

EAE hauteskunde kanpaina bete-betean sartuta dago, eta egunotan promesa ugari entzungo direla seguru da Zufia. Feminismoa guztien agenda egotea espero du, baina aurreratu du zenbait proposamen faltan bota dituela: «Faltan bota ditut krisi soziosanitario honen kudeaketan zaintzaren antolaketari loturiko proposamenak. Izan ere, agerian geratu da hor ezkutuan dagoen errealitatea».    

Aranguren ere ildo berean mintzo da. Alderdiak «oso berde» ikusten dituela dio. «Jarraitzen dugu politika ulertzen oso eredu klasiko eta zaharkituan. Eta feminismotik kontrako norabidea aldarrikatzen dugu: bizitza txikitasun horretatik abiatzea, gure eguneroko beharretatik, eremu pertsonal zein kolektibo horretatik egitea politika». 

Duela egun gutxi salaketa oharra kaleratu dute EMAGINetik, esateko, oraindik ez dela diru-laguntza deialdia publikatu eta susmoa dutela murrizketekin etorriko direla. Etor daitekeen murrizketa horren aurrean, Zufiak baieztatu du kezka puntua badutela, «honezkero nahiko prekarioa den mugimenduari egoera are gehiago zaildu» ahal zaiolako. 

Kaleratu duten oharrean hainbat Berdintasun teknikariren sinadura ere jaso dute, kezka jaso baitute erakunde publikoetan bizi duten errealitateagatik.

Jaurlaritza Logoa