En directo

Naiz irratia

Aniztasuna, nazio gisa garatzeko balio moduan

Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiaren azken azterketak erakusten du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bizi diren jatorri atzerritarreko herritarrek administrazioetatik jaso zutena baino 810 milioi euro gehiago gastatu zutela 2018an. Beraz, jatorri atzerritarreko herritarren ekarpen ekonomikoa positiboa da. Ikerketan parte hartu duenetako bat da Arkaitz Fullaondo irakaslea.

Audio_placeholder

Aniztasuna, nazio gisa garatzeko balio moduan

Loading player...
Elkartasun bazkaria Irunen. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Elkartasun bazkaria Irunen. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiaren ikerketaren emaitza argia dela azaldu du Arkaitz Fullaondok; Azaldu duenaren arabera, kalkulatu dute zenbat inbertsio sozial egiten duen etorkin batek, baina baita ere zenbat ekarpen egiten dion ekonomiari. Bi dimentso horiek konparatu dituzte eta ikusi dute inbertsio sozial horretan etorkinek 2018an jaso zutena 714 milioi izan zirela, baina kontsumitu zutena, aldiz, 1.500 milioi izan zirela. Beraz, 800 milioiko diferentziarekin topatu dira. «Horrek esan nahi du jasotzen dutena baino gehiago ematen diotela gure ekonomiari, beraz, gure gizarteari», azpimarratu du Fullaondok.

Bitartean, ordea, zurrumurru argi bat ere badago: diru laguntzetatik bizi direla jatorri atzerritarreko lagunak. Aurreiritzien ondorio dira zurrumurru hauek, Fullaondoren esanetan. «Tamalez, mesfidantza beti egongo da. Zurrumurru hauen atzean badaude estereotipo batzuk, askotan oso kulturalak izaten direnak, eta horiei aurre egitea oso konplikatua izaten da. Nolanahi ere, informazioa izatea beti dator ondo». 

Egoera ekonomikoak eta jarrera intoleranteek lotura dutela azaldu du Ikuspegi-ko kideak, eta litekeena dela, koronabirusak sortu duen eta sortuko duen krisi ekonomikoaren ondorioz aurkakotasun jarrerak ugaritzea. Euskal gizarteak, edonola, badu bertute bat ikerlari honen esanetan, adostasun zabala duela inmigrazioarekiko: «Honek ez du esan nahi intolerantzia eta xenofobia kasurik ez dagoenik, baina badago adostasun nahiko zabala. Horrek lagundu egingo digu balizko intolerantziak gora egiten badu hori baretzen».  

Amaitze aldera, inmigrazioari, mundu mailako fenomeno den honi erantzutea erronka dela nabarmendu du Fullaondok «Inmigrazioa edo aniztasuna egiturazko fenomeno bat da. Ez da joango krisi bat dagoelako». Iraganean beste inmigrazio uholdeak egon zirenean, 40-60. hamarkadetan kasu, «ez ziren joan, hemen geratu ziren»; beraz, «Euskal Herriak nazio moduan hazi egin beharko du, aniztasuna gure herriaren beste ezaugarri bat delako». 

Jaurlaritza Logoa