En directo

Naiz irratia

«Hondartza dinamikoen» esperientzia baikorra, baina baliabide faltan

Uda beteko giroa izan da asteburuan eta jendetza gerturatu da kostaldera. Hainbat herritan, «hondartza dinamikoa»-k izan dituzte, aisia eta segurtasuna lotze aldera. Hori da Orioko kasua. Anuska Esnal alkateak «pozik» daudela emaitzarekin dio, baina Lakuak eta Aldundiak jarraibideak eman arren, «gero Udalak umezurtz» sentitzen direla dio.

Audio_placeholder

«Hondartza dinamikoen» esperientzia baikorra, baina baliabide faltan

Loading player...
Orioko hondartza, pasa den larunbatean (Gorka RUBIO/FOKU)
Orioko hondartza, pasa den larunbatean (Gorka RUBIO/FOKU)

Anuska Esnal, Orioko alkateak baieztatu duenez, pasa den astean, aste tartean, baieztatu ahal izan zuten herritarrek hondartzarako gogoz daudela. Bertakoak ez ezik, kanpotik joandako «herritar uholdea» atzeman zuten herrian, eta horrek segurtasun neurriak azkartzera eraman zituen. Izan ere, udako denboraldia ez da hasi oraindik ofizialki, eta ezin izan dituzte ohiko baliabideak martxan jarri. 

Gainera, Lakuako Osasun Sailetik «hondartza dinamikoak» martxan jartzeko gomendioa jaso zuten pasa den ostiralean, eta horri jarraitzea erabaki zuten: «Pozik gaude. Hasiera batean zaila zena esplikatzea, ikusirik zein jende eta karabana mordoa izan den asteburuan hondartza inguruan, ez bagenuen erabaki hori hartu ez dakit zer gertatuko zen. Beraz, pozik nago erabaki zuzena izan dela uste dudalako». 

«Hondartza dinamikoen» helburua masifikazioak ekiditea izanik, hondartza inguruan kartelak jarri zituzten asteburua hasterako, eta, udaltzain eta ertzainak lan pedagogikoa eginez jardun dute hondartza inguruan egunotan. Ildo horretan, herritarren aldetik jasotako babesa eta, oro har, izan duten jarduna «txalotzekoa» izan dela azpimarratu du Orioko alkateak. 

Kexu baliabide faltagatik

«Jaurlaritzak eta Aldundiak gomendioak edo jarraibideak ematen dituzte, baina gero Udalak umezurtz sentitzen gara horien aurrean. Bizkaian ikusi besterik ez dago: han Aldundiak hartzen ditu beregain sorosleen eta beste hainbat kudeaketaren gastua, baina hemen ez». Esnalek argitu du EHBilduk aspaldian daramala eskaera hori luzatuz, «hondartzen eta sorosleen zerbitzua ez baita bakarrik herriko biztanleei eskaintzen, herrialdeko edo Euskal Herri osoko biztanleei baizik».  

Aurrera begira, deseskalatzean du arreta ipinita Esnalek. «Faseetan aurrera ondo» egin behar dela dio lehenbizi, bestelako urratsak martxan jartzen hasi baino lehen. Orain bestelako hondartza eredu bat ezagutzen ari garela nabarmendu du, baina gogoratu du berak beti bestelako aldarrikapen bat ere egin izan duela: «Beste turismo eredu bati ekiteko garaia da. Gure lurraldeak hondartzak baditu, baina baita beste hainbat aukera ere. Formula berriak behar ditugu». 

Jaurlaritza Logoa