En directo

Amaia ZURUTUZA | Josu ODRIOZOLA

Hezkuntza komunitatea, EAEko eskolarako itzuleraren aurrean

Maiatzaren 25erako jarri du orain data Lakuako Gobernuak, eguerdia bitarte astelehen hau ezarrita zuen bezala. Hezkuntza eragileekin adostutakoak direla esan arren, hauek ezetz diote. Oro har, neurri «ulertezinak» direla diote hezkuntza komunitatetik. Bi testigantza lehen pertsonan, egoerari neurria hartzeko, Begoña Martinez Bilboko Ibarreko Landa Institutuko zuzendaria eta Aitor Sarriegi Urretxu-Zumarragako Ikastolako zuzendari pedagogikoa.

Audio_placeholder

Hezkuntza komunitatea, EAEko eskolarako itzuleraren aurrean

Loading player...
Hernaniko ikastetxe bateko gela hutsa. (Jon URBE / FOKU)
Hernaniko ikastetxe bateko gela hutsa. (Jon URBE / FOKU)

Joan den ostegunean Lakuako Gobernuko Hezkuntza Sailak iragarri zuen maila batzuetako ikasleak ikastetxeetara itzuliko direla datorren astelehenetik aurrera. Neurri zorrotzak ezartzeko asmoa erakutsi zuen gainera eta horrek berehalako desadostasuna sortu zuen gizartean. Horren ostean, Josu Erkoreka Lakuako Bozeramaleak ikastetxeetan klaseetara itzultzeko erabakia zentro bakoitzaren esku utziko zutela iragarri zuen. Begoña Martinez Bilboko Ibarreko Landa Institutuko zuzendaria eta Aitor Sarriegi Urretxu-Zumarragako Ikastolako zuzendari pedagogikoa Informazioaren Harian izan dira. [Ondoren iragarri du Erkorekak berak 18rako zuten asmoa hilaren 25era atzeratu dutela]

Biek adierazi dute sentitu dutena desinformazioa izan dela. Begoña Martinezentzat Lakuako Gobernuak egindakoa «hanka-sartze historikoa» izan da. «Onartezina izan da. Hezkuntza sailak ez du gurekin ezer konpartitu eta inondik espero gabe etorri dira erabakiak». Aitor Sarriegi ere era berean mintzatu da, «informaziorik eza eguneroko ogia izan da». Gainera, informazioa iritsi zaienean ere, Sarriegik gaineratu du ez dela beharko lukeen bidetik iritsi. Biek azpimarratu dute komunikabideetatik izan dutela erabakien berri.

Hezkuntza Sailak iragarritako neurriak «presaka» hartutakoak dira Martinezentzat. Cristina Uriartek hasieran iragarritako planaren arabera bi astean prestatu beharko lukete ikastetxeek klaseei berriro ekiteko. Ezinezkoa da hori Begoña Martinezentzat. «Bi astean prestatu behar dugu klaseak emateko? Nola?». Aitor Sarriegik ere bat egin du adierazpen horrekin, eta gaineratu du Lakuako ordezkarien adierazpenek oraindik eta galgarriago egin dutela kontua. «Familiek neurri zehatzak eskatzen dizkigute, baina guri erantzunak ematen dizkigutenek ez digute ezer argitzen». Biak ere minduta agertu dira, euren hitzetan Lakuako Gobernuko Hezkuntza Saila ez delako hezkuntzako ordezkariekin harremanetan jarri neurriak hartzerako orduan.

Arrakala digitalari ondo erantzun diote

Koronabirusak eragin duen konfinamenduan ikasle guztiek ez dute etxetik klaseak jarraitu ahal izateko baliabide nahikorik izan. Hala ere ikastetxeak prest egon dira behar zituztenei baliabideak eskaintzeko. «Ordenagailuak eta internet txartelak banatu ditugu behar zituzten ikasleen artean». Martinezek azaldu du hasieran kostatu zitzaien arren, orain bai irakasle eta baita ikasleak ere oso modu onean ari direla funtzionatzen. Sarriegik Urretxu-Zumarragako Ikastolan ere gauza bera egin dutela adierazi du eta azpimarratu egin nahi izan du oso eskertuta dagoela ikasleek erakutsi duten jarrerarekin.

Hurrengo ikasturteari begira jarri aurretik, garrantzitsuena aurtengoa ondo bukatzea dela dio Aitor Sarriegik eta hurrengo ikasturteari nola helduko dioten berriz planteatu beharko duela Hezkuntza Sailak.

Jaurlaritza Logoa