En directo

Iker GURRUTXAGA

Izen bereko lehen EPa kaleratu du 'Bulego' taldeak

Fenix hegaztia bailitzan sortu zen Bulego talde azkoitiarra. 'Passepartout' taldearen errautsetatik jaio baitzen. Otsailean kaleratu zuten beren lehen kantua, eta hiru hilabete beranduago, iraupen laburreko diskoa kaleratu dute.

Audio_placeholder

Izen bereko lehen EPa kaleratu du 'Bulego' taldeak

Loading player...
Tomas Lizarazu, makurtuta, atzean Bulego taldeko kideak dituela
Tomas Lizarazu, makurtuta, atzean Bulego taldeko kideak dituela

Tomas Lizarazurekin aritu gara hizketan 'MusikHaria' saioan. 'Bulego' taldearen abeslaria eta elkarrizketa gehienetan ikusi dugun taldekidea da bera. Ilusioz kontatu digu nola izan zen taldearen sorrera eta baita orain arteko bilakaera ere.

Berak esan digunez, «taldekideek berek esaten didate sekretismo dezente izaten dudala ematen ditudan elkarrizketetan». Eta bai, nabaritu zaio elkarrizketan zerbait erdi-gordean edo bazebilkiela. «Kontzertu bakarra eman dugu eta berriz ere publikoaren gertutasuna sentitzeko gogoa daukagu, egiten ari garenaren erantzuna birtuala ari delako izaten batez ere» kontatu digu Lizarazuk.

Baina, elkarrizketa eman eta gutxira, publiko egin dute ekainaren 20an Azkoitiko Oteitza pilotalekuan kontzertua emango dutela. Euskal Herrian egingo den gisa horretako lehen emanaldia izango dela jarri dute beren sare sozialetan eta horretarako segurtasun protokoloa garatzen ari dira.

Soinu propioaren bila dabiltza Bulego taldekoak eta hori lantzen aritu dira jendaurrera atera aurretik eta baita grabaketan ere. «Hasieran, entseatzeko garaian, jotzen baino denbora gehiago ematen genuen hizketan. Kantu batzuk entzun eta gure artean zer nahi genuen zehazten aritzen ginen instrumentuak eskuetan hartu aurretik», adierazi digu Tomas Lizarazuk.

Soinuaz gainera estetika zaindua du Bulego taldeak. «Laranja, beltza eta zuri koloreak, propio sortutako letra-mota, eguzkiaren itxura duen biribila... Asko zaindu ditugu kontu horiek guztiak, irudiari ere garrantzia eman behar zaiolako garai hauetan» kontatu digu musikari azkoitiarrak.

Zestoako Gaztain estudioan grabatu dute beren lehen EPa eta dagoeneko plataforma digitaletan dago entzuteko moduan. Kontzerturako sarrerak eta haren gaineko informazioa, berriz, datozen egunetan joango dira argitzen beren sare sozialetan.

Izan duten harrera ikusita, zeresan ugari emango du ziur aurrerantzean ere Bulego taldeak.

Jaurlaritza Logoa