Orbel, Hannot, Gatom, Giranice eta Koban, maiatzeko 'Beste Bat' saioetan

Euskal Herriko musika talde eta bakarlari ugari ari da parte hartzen Naiz Irratiko 'Beste Bat' saioan eta maiatzean zerrenda luzatu egingo da: Orbel, Hannot Mintegia, Gatom, Giranice eta Koban taldeek egingo dituzte maiatzeko 'Beste Bat' saioak. Astelehenetik ostiralera, arratsaldeko 15:00etan dira saioak eta podcast plataformetan ere entzungai jarriko dira. 

Loading player...
Maite BIDARTE|02/05/2020
Bestebatmaiatza
Beste Bat Maiatza

Hilabetero-hilabetero musikari talde berri batek hartzen du 'Beste Bat' saioa egiteko lekukoa. Maiatzean agur erran diegu Estitxu Pinatxo, Gaizka Insunza, Katanga Dub eta Dj Bulli, eta ongi etorria eman Orbel, Koban eta Giranice taldeei, Hannot Mintegia musikari eta ekoizleari eta Gatom raperoari.

Astelehenetan Orbel taldea ariko da 'Beste Bat' saioa egiten, taldeko kide bakoitzak saio bat egingo du txandaka. Pasa den irailaren 19an plazaratu zuen 'Orbel' taldeak 'Hegan' lehen disko luzea.  Musika ilun eta etereo gisa definitzen du Baionako laukoteak bere ekoizpena: nota luzeak, arpegioak, ahots gardena, disonantzia ia deserosoak, gitarra distortsionatuak… ezin jakin baina zein izango den 'Beste Bat' saioetarako aukeratuko dituzten kantuak. 

Hannot Mintegia bizkaitarraren txanda izango dira astearteak. 'Audience' taldean ibilbide luzea eginda, bakarkako bidea hartu du 'Moxal' proiekturekin, eta 'Zaldikatu' da plazaratu duen lehen diskoa. Hemen irakur dezakezue GARA egunkarian egindako elkarrizketa. Orain ere, konfinamendu egoeran ari da pieza berriak sortzen, horren adibide da Bernando Atxagaren hitzak baliatuz sortutako 'Profeta bat'.

Rap doinuetara egingo dugu salto azkeanetan. Bermeoko Gatom raperoak egingo du 'Beste Bat'. Hainbat proiektutan murgilduta badago ere, tartea aterako du 'Beste Bat' saioetan euskarazko reggae eta rap estiloak errepasatzeko. Bermeotarrak ere berriki kaleratu du diskoa: 'Euskalkillz'. Nahiz eta hasiera batean gaztelaniaz eta euskaraz abesten zuen, gaur egun, bermeotarrez rapeatzeko hautua hartu du Gatomek eta hortik dator diskoaren izena. 

Ostegunetan 'Giranice' taldeak hartuko du lekukoa.  Estiloz, post-rockean mugitzen dira Giranicekoak, musika instrumentala egiten dute. 'Giranice' eta 'Enea' diskoen atzetik 'Ur' EPa kaleratu zuten, eta aurten lan berria grabatu dute Andoaingo Garate estudioetan.  

Donostiako 'Koban' taldearekin erranen diogu agur asteari 'Beste Bat' saioan. 2015. urtean lagun-talde batek sortutako proiektu honek moldeak hautsi nahi zituen estilo arau-hausle bat sortzeko. Trikitixa eta swinga modu berritzaile eta eder batean ederki uztartzen jakin dute Kobanekoak. Orain, aldaketa prozesuan daude, taldekide batek taldea utzi eta orain arteko eredua eta musika estiloa alde batera utzi eta birsortze prozesuan daude. Sare sozialetan berriki kaleratu dute kantu berri baten bideoklipa, bizi ditugun garai hautetarako oso egokia, erraz antzemanten da aipatutako aldaketa hori.

'Beste Bat' saioak arratsaldeko 15:00tan emititzen dira astelehenetik ostiralera eta ilunabarreko 21:00etan errepikatu. Hilabete honetakoak eta orain arteko denak Naiz Irratiko podcast plataformetan izanen dituzue entzungai. 

 

NOTICIAS RELACIONADAS

FM Bilboaldea 92.2 · Gasteiz eta Lautada 91.5 · Donostialdea 93.8 · Durango 97.4 · Gernika 96.7· Leitza 95.1 · Bortziriak 103.1 · Urola 91.8 · Goierri 102.2 · Legazpi 94.6
@NAIZIrratia