En directo
«Gernikak erakusten digu nondik gatozen, zer garen eta zer egin nahi izan zuten gure aurka»
Datorren apirilaren 26an 83 urte beteko dira Gernikako bonbardaketatik. Gernika Memoriaren Lekuko plataformak hura gogoratzeko ekimenak antolatu ditu, konfinamendu egoeran bada ere. Lehena, oraina eta geroa lotzen dira Gernikako gertakariaren bueltan, Ibon Meñika plataformako kidearen esanetan.
«Gernikak erakusten digu nondik gatozen, zer garen eta zer egin nahi izan zuten gure aurka»

2017ko apirilaren lehenean aurkeztu zuten Gernika Memoriaren Lekuko plataforma. Keinu bat, 1939ko apirilaren 1ari, Francok 36ko gerraren amaiera iragarri zuen egunari.
Zergatik?
1939ko apirilaren 1ean Francok Burgoseko koartel zenraletik iragarri zuen ofizialki altxamendu militarraren ondorioz hasitako gerraren amaiera, baina euskal herritarrok ondo baino hobeto dakigu egun horretan ez zela ezer amaitu eta gaurdaino ekartzen gaituen zapalkuntza egoera, errepresioa, izan dela bestelako proiektu, ideia eta iritzien aurka. Konpondu gabeko hainbat elementu oinarrizkok gaurdaino ekartzen gaituzte.
Gure ikuskeran edo gure pentsatzeko moduan, Gernikak euskal herritarrontzat sinbolizatzen duen irudi eta ikono nazional eta kultural, politiko eta sinboliko guztia kontuan hartuta, 1937ko apirilaren 26eko mugarritik ekartzen gaituen lerro horren eroaleak gara. Ekarpen sozial kultural eta komunitarioa egiteko predisposizoa eduki dugu beti, eta aurten konfinamenduan egonda ere hala egingo dugu.
Nortzuk osatzen duzue plataforma?
Urte dezente dira memoria ikuspegi kritiko horretatik landu izan dela. Erreferente nagusia beti Gernika batzordea bera izan da. 1976an egin zuen bere lehen ekimen publikoa, nahiz eta frankismo garai zorrotzenean ere bere burua antolatzen hasi zen eta gaurdaino antolatu ditu ekimenak. Gernikaren bonbardaketaren 50. urteurrenaren testuinguruan sortu zen egitasmoan, erreferentzia nagusia bihurtu da. Zorionez jaso ahal izan dugu nolabaiteko ondarea; erpin, modu, ikuskera, belaunaldi ezberdinen lanketa gauzatu da Gernikan ere memoriaren ikuspegitik.
Orain dela hiru urte, sinergia horiek guztiak biltzeko, indar handiago bat artikulatzeko, bokazioari eutsi genion eta horren nolabaiteko emaitza izan zen Gernikako Memoriaren Lekuko plataforma. Gernika batzordeaz gain Lobak elkartea, Ipes ekartea, Sare Gernika-Lumo, Gernika garretan eta Arrano kultur elkarteak osatzen dugu.
Helburuei begiratuta, zeintzuk dira nagusiak?
Azken urte hauetan batzen gaituen horri saiatu gara emaitza bat edo garapen bat ematen. Ideologikoki eta filosofikoki daukagun elementu bateratzaile nagusia Picassoren 'Guernica' margolana da, mundu osoan ezagutzen dena. Historikoki Gernikan eta hemendik kanpo ere egon da aldarrikapen bat koadroa bere sorkuntzaren arrazoiaren lekura eramateko. 'Guernica' koadroa Gernikan izatea, alegia.
«'Guernica' Gernikara» aldarrikapena eguneratzea izan da gure lana, edukiz janztea eta gure aterpe bihurtzea. Zoritxarrez, oraindik orain indarrean jarraitzen duen aldarrikapena da. 1981ean Madrilera eraman zuten, Sofia erreginaren museora eta uste dugu nahikoa metafora adierazgarria dela, erakusten du non ez lukeen egon beharko, eta non egon beharko lukeen. Webguneak ere izen hori dauka, guernicagernikara.eus, eta hau bihurtu nahiko genuke memoria lantzen dugun guztioan ataria. Aurtengo egitarauerako, dugun egoeraragatik, oso bide erabilgarria bihurtuko zaigu.
Gernikaren memoria oso lotua dago apirilaren 26ra, baina guretzako Gernika kontzeptu moduan, nondik gatozen adierazten duen zerbait da, gaurko errealitatea interpretatzeko ezinbesteko lanabesa eta biharkoa eraikitzeko beharrezkoa. Gure bokazioa da memoria egunez egun lantzen den zerbait dela, eta gure jendartea aldatzeko eta eraikitzeko memoria baliatzea ezinbestekoa dela.
Memoriak kontakizun bat behar du. Zuek esana da Espainiako gerra zibila ez zela gerra zibil arrunta izan. Zergatik?
Hitzak eta kontzeptuak garrantzitsuak dira. Gerra zibila ikasi dugu, baina altxamendu militar baten ondoriozko zapalkuntza izan zen orduan gertatutakoa.
Guretzako memoria ikuspegi historikotik harago ere badoa. 1939ko apirilaren 1 hartan e zen ezer bukatu, gaurdaino ekartzen gaituen bide bat badago. Mugarri historiko garrantzitsu bat bihurtu zen bonbardaketa eta euskal herritarron historiaren mugarri garrantzitsu bat den neurrian erakusten digu nondik gatozen, zer garen, eta zer egin nahi izan zuten gure aurka.

1981. Casón del Buen Retiro. (Guernicagernikara.eus)
'Guernica', Picassoren margolan famatua Gernikara ekartzea da zuen aldarrietako bat. Nola dago une honetan auzia?
Zoritxarrez ez dago auzirik. Hor dago elementurik adierazgarriena eta guretzako tamalgarriena. Orain dela urte pare bat antolatu genuen alderdi politiko ezberdinen arteko mahi-inguru bat. Ordezkaritza parlamentarioa duten alderdi guztiei luzatu genien gonbidapena eta batzuek soilik erantzun zuten. Hor ikusi genuen zenbaterainoko garrantzia duen batzuentzat gaiak. Hori da guretzat apurtu beharrreko lehen muga.
Gaur egun, gure historia eta gure egunerokoa adierazten dituen adierazle garbienek badute atzean ideologia, asmoa eta baita estrategia oso bat ere kasu batzutan. Zer pentsatua ematen du, zelako sinbologia duen, eta zelako esanahi politiko-soziala daukan 'Guernica' koadroa, horrelako sarraskia adierazten duen artelan unibertsal bat, ez egotea gure herrian. Existitzen ez den herri baten errealitatea adierazten du.



