En directo

Ion GARATE

Pello Bilbao: «Ikusi beharko da UCIk zein lasterketari ematen dion garrantzia. Espero dut gurekin eta taldeekin kontsultatzea»

Aurreko asteazkenean Nazioarteko Txirrindularitza Elkarteak, UCIk, bere egutegi berria egin zuen publiko Frantziako Tourreko datak zehaztuz, besteak beste. Naiz irratian izan da Pello Bilbao, Bahrain McLaren taldeko txirrindularia, egutegia pixka bat aztertu eta honen inguruan hitz egiteko. Nabarmendu du, agian, etxean hainbeste denbora sartuta egoteak kalte gehiago egiten duela birusak berak baino.

 

Audio_placeholder

Pello Bilbao: «Ikusi beharko da UCIk zein lasterketari ematen dion garrantzia. Espero dut gurekin eta taldeekin kontsultatzea»

Loading player...
Pello Bilbao, Bahrain McLaren taldeko txirrindularia etxean entrenatzen.
Pello Bilbao, Bahrain McLaren taldeko txirrindularia etxean entrenatzen.

Duela ia astebete egin zuen publiko UCIk, Nazioarteko Txirrindularitza Elkarteak, lasterketen egutegi berregituratua.  Bertan ikusitakoaren arabera, Frantziako Tourra abuztuaren 29tik irailaren 20ra jokatuko da, ondoren Suitzan egitekoak diren munduko txapelketak hartuko lukete tokia, Giroaren txanda ondoren eta azkenik, Vuelta. Hala ere, zalantza ugari daude eta egoera aztertzeko gurean izan dugu Pello Bilbao Bahrain McLaren taldeko txirrindularia.

Bilbaok azaldu du momentu honetan inork ez dakiela proba gauzatu ahalko den edo ez. «Ez dut fede handirik, baina zentzuzkoa ikusten dut urte amaierara eramatea lasterketak» esan du. Txirrindulari gernikarrak dio ez daudela sasoi onenean, baina, hau askoz gehiago ezin dela luzatu, horren esperantza dute behintzat. «Norbaitek ulertuko du gu ere langileak garela. Esperantza nuen 26tik aurrera utziko zigutela kalean entrenatzen, baina, badirudi ezetz eta ulertezina iruditzen zait» dio Bilbaok.

Bestetik, kontuan hartuta herrialde batzuetan txirrindulari profesionalek aukera izan dutela entrenatzeko  Bahrain McLareneko txirrindulariak argi du: «nire ustez nabarituko da. Gure taldean ere, 28tik hamaika gara etxean ari garenak entrenatzen, beste guztiek aukera dute kalean entrenatzeko. Honek ere balio du konturatzeko mundu mailako beste herrialdeetan beste modu batera ulertu dutela egoera. Ikusi dute guk egiten dugun jarduerak ez diola inori kalte egiten».

Bilbaok aipatu du «modu kontrolatu batean», baina, azkenean, ez dela osasungarria jende asko bizitzen ari den egoera. «Agian etxean hainbeste denbora sartuta egoteak kalte gehiago egiten du birusak berak baino» dio gernikarrak.

Bilbaoren ustez, dagoeneko, egon behar lukela kirolari profesionalentzako neurri bereziren bat. «Ulertzen dut gure lanak ez duela zuzenean ezer aportatzen, baina etorkizun batean entretenimendurako edo marka askoren erakusleiho ere bagara, horretarako ere prest egon behar gara. Modu ez zuzen batean ere beste edozein langilek bezala zergak ordaintzen ditugu, eta guzti hori ekonomiarentzako garrantzitsua da baita ere» dio. Nabarmendu nahi izan du ezinbestekoak diren beste hainbat langile lanean daudela momentu honetan, eta gainera, haien lanpostuetara «bizikletan» joan ahal direla. «Pertsona horiek gu baino arrisku gehiago dute» gehitu du.

Bestetik, afizioari dagokionez azaldu du ez dela erraza hau kontrolatzea, ez baita estadio batean egiten den zerbait. «Gure kasuan nahiko zaila izango da, baina egoera horrela izanik, zerbait moldatu edo aldatu beharko da» dio gernikarrak. Bestetik, azaldu du nahiago duela afiziorik gabe egitea ez egitea baino. Hala ere, esan du, bere ustez «jende lokalak behintzat» aukera izan beharko lukeela tourraz bertatik-bertara gozatzeko, «agian kanpotik datorren jendea mugatu» beharko dela ohartarazi du. Era batean, edo bestean, psikologikoki «zaletuen falta» sumatuko dela dio Bilbaok.

Jakin badakigu World Tourreko txapelketak abuztuaren 1etik aurrera eduki ahal izango luketela tokia. Itzuliarengatik galdetu diogu gernikarrari eta hauxe esan du: «Itzuliarentzako argi dago tokia egon beharko litzatekeela, beste edozein karrerak duen bezala. Ikusi beharko da UCIk zein lasterketari ematen dion garrantzia. Nik espero dut txirrindulariekin eta taldeekin kontsulta egitea, proba gogokoenak zeintzuk diren erabakitzeko. Badakit ez dela horrela izango, baina gustatuko litzaidake arrazoi ekonomikoak bakarrik kontuan ez hartzea».

Jaurlaritza Logoa