Reportaje
 
Dolua, alarma egoeran

Elixabete Vazquez psikologoak bizi dugun alarma egoeran gertuko pertsona baten heriotzari aurre egiteko gomendioak eman dizkigu. «Ez dakigu noiz, baina amaituko da eta aukera izango dugu hil dena gure lagunekin eta senideekin agurtzeko. Pentsatu behar dugu aurrerago aukera izango dugula agur polit bat egiteko», dio.

Loading player...
Naiz Irratia|06/04/2020
Madrid
Alarma egoeran, ehorzketetan soilik hiru pertsona egon daitezke presente. (Oscar DEL POZO | AFP)

Maite dugun pertsona baten heriotza beti da mingarria eta dolua ezinbesteko prozesua da aurrera egiteko. Prozesu bat da, hala azpimarratu du Naiz Irratian Elixabete Vazquez psikologoak, eta ondorioz, denbora funtsezko elementua da. Dolua zaila eta mingarria da eta are gehiago egun bizi dugun alarma egoeran. Itxialdian gaude, ezin dugu elkartu eta heriotzen kasuan, besteak beste, ehorzketetan, esaterako, soilik hiru pertsona egon daitezke presente.

«Doluari aurre egiteko hainbat era daude, ez dago bakarra. Baina orokorrean egokitze prozesu bat da, errealitate berri batera egokitzeko prozesua, maite dugun pertsona hori ez dago eta ez da inoiz gehiago egongo». Prozesu «normal» bat dela dio Vazquezek, normala dela denbora behar izatea egoera berrira egokitzeko, hori bai, «denbora horrekin zer egiten dugun» garrantzitsua dela. Denborak dena sendatzen duela esan ohi da, baina Vazquezen arabera hori ez da horrela bete-betean, «lantxoak egin behar dira, zaila da, gogorra, mingarria».

Koronabirusaren krisiak sortu duen eskenatokian, lehenik eta behin heriotza bati aurre egin behar dioten familiei «animo eta besarkada» beroenak bidali dizkie psikologoak. Doluari itxialdi batetik aurre egin behar izatea «arrisku faktore bat» izan daitekeela ohartarazi du.

Hainbat gomendio plazaratu ditu. Alde batetik, «besteen konpainia eta laguntza» izatea. Etxean bertan «lan sinbolikoa» egin daitekeela azaldu du. «Erritual ezberdinen bidez, sorkuntzari lekua eginez, kandela bat piztu, ipuin bat idatzi, umeak badaude marraztu, etxean txoko bat izan dezakegu pertsona horrekin hitz egiteko, edo bere argazki bat edo bere gauzak jar ditzakegu txoko batean...».

Horrekin batera, garrantzitsua da «momentu hau amaitu egingo dela» jakitea. «Ez dakigu noiz baina amaituko da eta aukera izango dugu hil dena gure lagunekin eta senideekin agurtzeko. Pentsatu behar dugu aurrerago aukera izango dugula agur polit bat egiteko».

Izan ere, gertuko inor hiltzen denean garrantzitsua da ingurukoekin egotea. «Minarekin bakarrik ez gelditzeko, bakoitzak modu bat dauka minari aurre egiteko baina min horrekin bakarrik ez gelditzea eta maite ditugun pertsonekin konpartitzea oso garrantzitsua da». Modu honetan mina «normalizatu» egiten da, «normala da, ez gaude ez gaixo eta ez zoratuta».

FM Bilboaldea 92.2 · Gasteiz eta Lautada 91.5 · Donostialdea 93.8 · Durango 97.4 · Gernika 96.7· Leitza 95.1 · Bortziriak 103.1 · Urola 91.8 · Goierri 102.2 · Legazpi 94.6
@NAIZIrratia