En directo

Amaia Zurutuza
Entrevista
Asier
Zeladorea

«Sentsazioa dut kapitainik gabeko barku batean goazela»

Donostiako Ospitalean zeladorea da Asier. Uste du, laster, ospitaleko gela gehienak koronabirusarekin kutsatuta dagoen jendearekin beteko direla. Osasun arloko langileen protokoloak egunero aldatzen ari direla ohartarazi du. 

Audio_placeholder

«Sentsazioa dut kapitainik gabeko barku batean goazela»

Loading player...
Donostiako Hospitala. (Jon URBE | FOKU)
Donostiako Hospitala. (Jon URBE | FOKU)

Zein da zure lana Donostiako Ospitalean?

Azken aldian zeladore moduan egiten dut lan, gehienbat bere kabuz altxatu ezin duten pazienteak altxatzen laguntzen dut. Gaurko egoera ikusita, ospitala gero eta beteago dagoenez koronabirusa dela eta, horrelako paziente gero eta gutxiago dago. Ospitala gero eta gehiago prestatzen ari da birusari aurre egiteko. Momentuz nik nere lanean jarraitzen dut baina agian hurrengo asteetan beste zerbaitera pasako naute. Posible da ospitaleko gela gehienak koronabirusarekin infektatuta dagoen jendearekin betetzen joatea.

Orduan, zu ez zara kutsatuekin lanean ari?

Zaila da jakitea nor dagoen kutsatuta eta nor ez, sistema oraindik ez dagoelako eginda mundu guztiari probak egiteko. Gaixo dagoen jende guztiari ez zaio automatikoki proba egiten, sintomak dituenari bakarrik, orduan zaila da jakitea jende kutsatuarekin lanean ari garen. Posible da gaur altxatu dugun jendea kutsatu gabe egotea eta bihar gela horretara ezin sartzea aukera bat dagoelako pertsona hori kutsatuta egoteko.

Babes neurriekin ari zara lanean?

Bai, beno. Aukera daukat ospitalean ibiltzeko eta lankideekin hitz egiteko eta neurriak momentuan momentukoak dira. Nik uste dut ez dagoela material nahikoa. Adibidez, gauza sinplea ematen duena, maskarilla sinple bat lortzea zaila da eta askotan maskara berarekin ibili behar gara arratsalde osoa. Zailtasunak izan ditugu material sinpleak lortzeko, eskularruekin berdin.

Nola baloratzen duzu material falta hau?

Niretzat badira bi gauza errepikatzen direnak behin eta berriro. Bata materialaren falta. Arazo larriak izan dira. Larrrialdietako erizainek kontatzen dizute arratsalde osoa arropa berdinarekin aritzen direla lanean. Ingresoak egin behar dituztenean, gaixoekin ospital osotik bidaiatzen dute eta larrialdietara arropa berdinarekin bueltatzen dira. Nik uste alde batetik prebisio falta egon dela. Txinan arazo larriak zeudela jakinda, zerbait prestatzea izango zen normalena.

Eta bigarren kontua, protokoloak. Behin eta berriro aldatzen dira. Egunero agertzen diren arazoei aurre egiteko protokolo berriak daude eta horrek esan nahi du gaur martxan dagoen protokolo bat agian bihar ez dela nahikoa. Eta hor sartzen da materialen kontua ere. Gaur material batzuk erabiltzen dira eta bihar beste batzuk.

Arduradunen aldetik informazioa jasotzen duzue? Badago komunikazioa?

Berez badago komunikazioa. Baina askotan sentsazioa dut kapitainik gabeko barku batean gabiltzala. Nik uste saiatzen direla baina ez direla heltzen. Hor dago baita ere urtetako arduragabekeria publikoarekiko eta Osakidetzaren funtzionamenduarekiko, egoera honetan argi gelditzen da.

Bitartean, osasun arloko langileak gaixotzen ari dira. Zein da egoera zure inguruan?

Ikusten dudana da langileei ez zaizkigula probak egiten, bakarrik koronabirusaren sintomak dituen jendeari. Ondorioz, zaila da jakitea kutsatuta gauden edo ez. Zaila da jakitea baita ere nola kutsatzen den birusa, betaurrekoak, maskara kirurgikoak edo batak nahikoak diren. Langileen artean badago horren ardura eta sikologikoki ere eragiten du.

Baduzue beldurra?

Bai, nik inguruko jendearengan, gremio guztietan, antzeko zerbait nabaritu dut, beldurra eta antsiedadea. Kezka areagotzen du ez jakiteak zehatz mehatz nola aurre egin behar diogun egoera honi. Horrek antsietatea sortzen du, ez duzulako ikusten heldulekurik.

Horrekin batera, hospitalean lan egin ondoren etxera itzuli behar duzue, kasu askotan etxean jende gehiago dago...

Ez da erraza egoera eramatea. Gaixotasuna besteengana eramateko aukerak arduratzen gaitu, defentsa gutxiagorekin daudenei pasatzeak. Nik ardura hori dut. Alabak ditut eta saiatzen naiz ahal den gutxien ikusten eta ikutzen.

Zer espero duzu datozen egunetarako?

Ez dakit… ikusten da ospitala prestatzen ari dela hau gehiagora joateko. Hor daude zenbakiak, pikoak, kurbak… nire ikuspegia da ez dakigula nondik etorriko den hurrengo olatua eta nolakoa izango den. Donostian ematen du paziente kopurua igotzen doala modu kontrolatu batean baina zaila da jakitea.

Eta badago bigarren arazo bat. Normaltasunera bueltatzen garenean atzeratu diren eguneroko kontuak izango ditugu. Gain karga bat izango da guztia berriro martxan jartzea

Egoera honetan, baduzu eskaerarik?

Batetik materiala ekartzea. Eta bestetik, zehaztasun zientifiko bat, birus honek zer suposatzen duen argitzeko. Nola egin ahal diogun aurre eta zeintzuk diren arriskuak. Adibidez, Donostiako ospitaleko langileentzat administrazioak ez baditu beharrezko neurriak hartzen, ez badaki nola garatzen den gaixoatsun hau, posible da epe zehazgabe batean langile asko eta asko gaixo egotea. Beraz, bi eskaera. Materiala batetik eta, bestetik, gaixotasunaren ingurukoak zehazten direnean, protokoloa argi izatea. Eguneroko hitz potoloak utzi eta gauza zehatzak egitea.

Arratsaldero jendea balkoietara irteten da txalo egitera. Nola bizi duzu momentu hau?

Normalean ez dut entzuten lanean nagoelako. Gaur ikusiko dut lehen aldiz. Gure arteko komentarioa askotan da ea txaloak benetako material bihurtzen diren. Eta horrekin batera osasun publikoa indartu dezatela. Orain ikusten dugu zer den garrantzitsua, gure lana, supermerkatuetan daudenen lana, garbitzaileena, zerbitzu publikoetako jende guztiarena… hori da gizarte bat mantentzen duena zutik.

Osasun arloko langileak heroiak zaretela diote batzuek...

Nik argi dut ez garela heroiak, langileak gara. Heroiak badaude, ez dut argi dauden edo ez, baina egongo balira bizi dugun egoerari aurre egiteko erabaki indartsuak hartuko lituzketenak lirateke. Nik ezin dut entzun, aspalditik baina orain gero eta gutxiago, pribatizazioa defendatzea gizartearen hobe beharrearen izenean. Nik uste kotrakoa dela. Publikoaren defentsa, bene benetakoa, hor dago heroien lana, pribatizazioari aurre egitea da garrantzitsuena.

Une honetan pribatizazioaren arriskua haintzat hartu beharko genuke?

Aurretik hor dagoen arazoetako bat da. Azken urteetan eman diren pauso asko ez dira egin publikoa indartzeko baizik eta kontrakoa. Adibidez, telebistan ikusi ditut garbitzaileak kexuka. Azpikontrata batean daude eta Osakidetzako beste langileok ditugun eskubide berberak behar dituzte.

Jaurlaritza Logoa