En directo

Naiz Irratia

Aitor Montes (famili medikua): «Osasun sistema koma egoeran dago orain; hau pasatzean, izugarri kostako da honi buelta ematea»

Egungoaz kezkatuta, etorkizunak ere ez du asko lasaitzen Aitor Montes famili medikua. Koronabirusa dela eta, bertan behera geratu dira hainbat ebakuntza edota proba, eta krisialdi hau amaitzen denean, hori guztia berrartzea asko kostako dela nabarmendu du. 

Audio_placeholder

Aitor Montes (famili medikua): «Osasun sistema koma egoeran dago orain; hau pasatzean, izugarri kostako da honi buelta ematea»

Loading player...
Aitor Montes, Aramaioko famili medikua
Aitor Montes, Aramaioko famili medikua

Aurrez aurreko kontsultak eten diren arren, gaixotasunek ez dute etenik eta horiek artatzeko lanetan murgilduta dihardu egunotan Aitor Montes famili medikuak. Aramaioko anbulategian egiten du lan, ez ohiko egoera honetan, telefonoa belarriari lotuta. «Ahal dugun moduan ari gara. Noizean behin baten bat gerturatzen da zentrora, ez dagoelako beste erremediorik, baina bestela telefonoz egiten ditugu kontsultak».

Lehen mailako arreta une honetan kolapsatuta dagoela salatu du famili mediku honek: «Gure lana izan beharko luke gaixo dauden horiei artatzea, baina ikusten ari gara azken egunetan jendea etortzen ari dela aurretiaz gaixotasun kronikoa eduki eta beldurtuta daudenak koronabirusagatik, eta baja eskatzera datorrena». Gaixoak artatu bakarrik ez, prebentzio lanetan ere badabiltzala nabarmendu du Montesek.

Kontsultan berez baliabide askorik ez dutela behar azpimarratu du medikuak, «maskarillak eta jela», eta neurri batean edo bestean horiek eskuratu dituztela. Eusko Jaurlaritza hartzen ari den neurrien inguruan, ordea, kexu da: «Etorri beharko lukeen neurri zehatz bat da gaixotasun kronikoa duten pertsonei aldi baterako ezintasuna ematea, baina euren enpresek edo mutuak emanda, ez famili medikuek».

Ildo horretan, egun hauetan «nekea eta estresa» sumatzen dutela aitortu du, baita kutsatzeari beldurra ere, «ez horrenbeste norberagatik, baizik eta ingurukoengatik». Protokoloak gero eta zehatzagoak direla nabarmendu du, baina hasieran noraez handia egon zela.

Test azkarren inguruan galdetuta, diagnostikoa zehazterako garaian «egoera asko hobetzea» ekarri beharko lukeela dio Montesek, jakina baita orain ez dietela susmoa dagoen kasu guztiei egiten. «Kontsulta telefoniko bitartez kasu posible bat atzematen badugu, baina koadro kliniko arina bada, jarraipena telefonoz egiten diogu eta horri ez zaio testik egiten». Hori bai, behin kasu guztiei testak egiten hasita kutsatutakoen kopurua «hamar bider» haziko dela ohartarazi du medikuak. «Oraingo datuak hurbilketa bat dira». Hala ere, azpimarratu du horietako asko eta asko, kasuen gehiengoa, «gaixo arinak» direla. 

Banakako azterketa

Lakuak iragarri zuen Zaintza Intentsiboko Unitateetan kasu larriak artatzeko behar-besteko ohe bazeudela. Montesek zalantza egiten du horren inguruan. Bere ustez, hau guztia pasatzen denean, banan banan aztertu beharko lirateke kasu bakoitzaren ezaugarriak, «errepasatu hildakoei zer gertatu zaien, zein zen euren espediente klinikoa, zer nolako arreta jaso duten eta aztertu ia Zaintza Intentsiboen Unitatean artatu dituzten». 

Etorkizunari begira jarrita, azpimarratu du seguruenik goranzko joeran jarraituko dugula datozen egunetan ere birusak. Hartu diren neurriak «beharbada» ez direla nahikoa izan esan du Montesek, baina edonola ere, horrelako batean birusa apalduz joango dela ere gehitu du.

Oraingoaz aparte, ezinegona eragiten dio osasun sistemak gutxi barru sufritu dezakeen egoerak: «Sistema ekonomikoa koma egoeran dagoela aipatu da azkenaldian, baina ez da aipatu osasun sistema ere koma egoeran dagoela. Koronabirusagatik bertan behera geratu dira hainbat froga, hainbat ebakuntza, errehabilitazio saio... horrek suposatuko du hemendik bizpahiru hilabetera ia zerotik hasi beharko garela eta egunean 30-35 paziente artatzetik, 50 artatzera pasako garela. Izugarri kostako da honi buelta ematea».

Jaurlaritza Logoa