En directo
Zaporeak ekimeneko hainbat pertsonek eraso faxista jasan zuten atzo Lesbosen, azken asteetan faxistek sortu duten izu giroan urrats bat gehiago izan zen atzokoa. Erasotutako ibilgailuetako baten gidaria Zaporeak ekimeneko Malen Garmendia da eta NAIZ Irratian azaldu du atzo gertatutakoa.
Errefuxiatuen artean laguntza banaketa egin eta itzulerakoan harrapatu zituzten pikete moduko batean, «bi mutiko gerturatu ziren kotxera, tentsioa sortu zen eta bertatik alde egiteko maniobra egiten hasi nintzenean eraso egin ziguten. Jende multzo handia gerturatu zen izugarrizko makilekin eta kotxea kolpatzen, ateak irekitzen eta joka hasi zitzaizkigun».
Garmendiak gidatzen zuen furgoneta bertatik ateratzea lortu ostean Zaporeakeko hainbat kide zeuden bigarren auto baten aurka egin zuten faxistek, «gidaria eta albokoa autotik atera eta ostikoka hasi zitzaizkien, egurra eman zieten». Azkenean lortu zuten handik ihes egitea eta orain bertako berri zabaltzeko lanetan ari dira.
Garmendiak salatu du azken asteetan tentsio izugarria ari dela bizitzen Lesbosen, «faxistak oso goian daude, munduko nagusiak direla uste dute; tentsio handia eta beldurra dago».
«Egoera larria, bereziki ahulenentzat, babes bila datozen pertsonentzat»
Zaporeak proiektuko kideak nabarmendu nahi izan du egoera zaila benetan errefuxiatuentzat dela, «guk alde egin genazake, baina eurek ez dute aukerarik».
Faxistak itsasoan bertan ere errefuxiatuen iritsiera oztopatzen ari direla dio Garmendiak, eta horren adibide den gertakari bat kontatu du: «Errefuxiatuekin zetorren txalupa bati motorra kendu zieten faxistek, bost orduz egon ziren itsasoan noraezean, porturatu ezinda».
Salatu du Europako gobernu guztiak bizkarra ematen ari direla egoera honi. 20.000tik gora pertsona omen daude Lesbosen «egoera oso oso larrian», eta Garmendiak dio «egoera jasanezina» dela, «baina ez guri eraso egin digutelako, pertsona hauek babes bila datozelako eta euren eskubidea ez delako ari errespetatzen».
Atzoko erasoaren ostean egoera aztertzen ari direla aurreratu du, «baina printzipioz irlan jarraituko dugu, hori da gure asmoa».