En directo
Zaldibarko ezbeharraren ondoren dioxina eta furano partikulek kezka eragin dute inguruko herrietan. Ostegunerako espero da neurketa berriaren emaitza, aurreko ostiralean emandakoen ondoren.
Zaldibar, Eibar eta Ermuako udalak gaia jarraitzen ari den mahai teknikoan daude eta zuzeneko informazioa ari dira jasotzen Lakuako Gobernuaren aldetik. Ez, aldiz, Elgeta edo Durangoko Udalak, adibidez; batak zein besteak EH Bilduko alkatea dute. Elgetako alkatea behin eta berriz informazio eske ari da eta bide beretik ekin behar izan dio Durangoko Udalak ere, ez dutela zuzeneko informaziorik salatu du NAIZ Irratian Neskutz Rodriguez zinegotziak.
«Engainatuta sentitzen gara», adierazi du zinegotziak, «ez dugu inolako daturik». Eskatzen dutena, argia, «partikula toxikoak baldin badaude, hauek neurtzea da».
Lasaitasunerako deia egin du Lakuak baina Rodriguez ez da fio: «Dena lasai dagoela diote, baina gero ikusten dugu nola uzten dituzten bertan behera inauterietako ekintzak» (Ermuan eta Eibarren hala egin dute).
Kezkatuta hitz egin du Rodriguezek, «etengabeko zurrumurru bat dabil herrian, denaren atzean benetan zer gertatzen ari ote denaren inguruan». Luzerako doala gaia uste du eta beraz aurrez ezarritako protokoloak martxan jarri behar direla adierazi du.