En directo

Naiz Irratia

Oskar Morales: «Pelota bata besteari pasatzen saiatuko dira, baina ardura administratibo eta penalak argitu behar dira»

Oskar Morales Zaldibarko Eitzaga auzoko bizilaguna «nekatuta eta aspertzen hasita» dagoela dio. Zabortegiko luiziaren ondorioak argitzeko inprobisazio handia dagoela uste du, eta pelota bata besteari pasatzen saiatuko diren arren, «ardura administratibo eta penalak argitu» egin behar direla dio. 

Audio_placeholder

Oskar Morales: «Pelota bata besteari pasatzen saiatuko dira, baina ardura administratibo eta penalak argitu behar dira»

Loading player...
 Trabajos de rescate en la zona del vertedero de Zaldibar. (Aritz LOIOLA / FOKU)
Trabajos de rescate en la zona del vertedero de Zaldibar. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Osasunari loturiko «gutxienekoak» lotu nahian, denbora dezente joan zaiela aitortu digu Oskar Morales Zaldibarko Eitzaga auzoko bizilaguna. Lakuak asteartean esan zuen ez zegoela arazorik ura edateko; udal teknikariek, ordea, putzu pribatuetatik ez edateko ohartarazi zuten atzo. Informazio nahasia ari dira jasotzen egunotan Zaldibarko bizilagunak, eta horrekin kexu da Morales: «Inprobisazioa izugarria da. Guk uraren eta airearen kalitatea bermatuko dituen neurketak egitea nahi dugu; horixe eskatu dugu hiru batzarretan eta hainbat telefono deietan». Etxebizitza batzuk ura konexio orokorretik hartzen dute, eta hor, printzipioz, bermatuta dago kalitatea; arazoa da, esplikatu du Moralesek, baserri batzuk iturburu ezberdinetatik hartzen dutela ura, eta ez dute halako bermerik. Egoera berdinean daude herriko hainbat iturri publiko ere. Moralesek zalantza egiten du iturri horiek zigilatuta ote dauden ere.  

Gaiarekin horrenbeste borroka egin beharragatik, aspertuta eta nekatuta daudela dio Moralesek. Duela gutxira arte Zaldibarko Udalarekin bakarrik izan dute kontaktua, eta esan digu, behin eta berriz euren «haserrea» adierazi ostean, asteartean azkenean lortu zutela Eusko Jaurlaritzako teknikari batzuek azalpenak ematea.

Ildo horretan, azken egunetan Iñigo Urkullu lehendakariak egindako adierazpenak «oso etsigarriak« iruditu zaizkiola azaldu digu. «Ikusita gorputzak han daudela, ez dakitela nondik jo haiek ateratzeko… humanitate falta izugarria iruditzen zait. Badirudi lehen mailako hildakoak, bigarren mailako hildakoak... daudela». Iñaki Arriola Ingurumen sailburuaren jokaera ere kritikatu du Moralesek.

Enpresaren aurkako auzibidea zabaldu dutela eta, ekinbide hori ondo iruditzen zaiola esan du Eitzagako auzotarrak. «Beste bide bat da gertatutakoa argitzeko. Badakigu saiatuko direla pelota bata besteari pasatzen. Baina ardura administratibo eta penalak argitu behar dira».

Egoeraren larritasunaz jabeturik, Morales jakitun da auzi honek ez diela bakarrik Zaldibarko bizilagunei eragiten. Ondorioak inguruko herrietara ere helduko direla ziur da. Gogorarazi du une honetan oraindik ez dutela zabortegiko sutea itzali; etengabe hainbat gai erretzen ari dira bertan. Zentzu horretan, Moralesek dio susmo handiak dituela bertan jakitera eman ez dituzten beste hainbat gai toxiko daudela. «Edozer gauza dagoela apustu egingo nuke». 


Jaurlaritza Logoa