En directo

naiz irratia

Oskar Morales, Zaldibarko Eitzaga auzokoa: «Kezkatuta gaude, informazio falta dugulako»

Zaldibarko Eitzaga auzoko bizilagunek informazioa eskatu dute. Haien osasuna bermatzeko neurriak eskatu zituzten atzo kaleratutako ohar batean. Naiz irratian izan da Oskar Morales, Eitzaga auzoko bizilaguna. «Kezkatuta eta urduri gaude, informazio falta dugulako».

 

Audio_placeholder

Oskar Morales, Zaldibarko Eitzaga auzokoa: «Kezkatuta gaude, informazio falta dugulako»

Loading player...
Zabortegiak kea isurtzen zuen larunbat goizean. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)
Zabortegiak kea isurtzen zuen larunbat goizean. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

Informazio eske agertu ziren atzo Zaldibarko Eitzaga auzoko bizilagunak. Haien osasuna bermatzeko neurriak eskatu zituzten. Naiz irratian izan da Oskar Morales, Eitzaga auzoko bizilaguna. «Informazio falta dago. Kezkatuta eta urduri gaude» azaldu du.

Atzo Zaldibarko Eitzaga auzoko bizilagunak bildu ziren ezbeharraren harira informazio falta dutela salatzeko. «Ona ez dator inor. Atzo etorri zen lehenengoz Zaldibarko alkatea, baina inongo informaziorik gabe. Eusko Jaurlaritzatik ere ez digute ezer esaten. Etortzen denak ez du informaziorik» salatu du Moralesek.

«Hildakoen gorputzak bilatzea, bizilagunen osasuna eta segurtasuna bermatzea» eskatu dute. «Informazioa nahi dugu eta azterketa batzuk egitea, jakiteko airea, ura, lurrak... nola dauden». Ermuan, esaterako, gauzak aztertzen ari direla aipatu du Moralesek, baina haiengana ez doala inor. «Gomendio batzuk ematea eskatzen dugu, maskarila batzuk jartzea edo dena-delakoa. Hemen ez digu inork gomendiorik eman».

Oskar Moralesek azaldu du plan bat egotea eskatzen dutela, baina ez dagoela ezer. «Hemen atzo agertu ziren alkatea eta alkate-ordea eta ez zeukaten inongo informaziorik. Eusko jaurlaritzatik ere ez da inor azaltzen. Denak pilota bata besteari pasatzen ari dira eta eurak ere ez dakite zer egin. Dena ezkutuan egiten ari da».

Zabortegiaren inguruan kezka handiak eta susmo txarrak zituztela azaldu du Moralesek. «Zaldibarko Udalean informazioa eskatu genuen, eta erantzuna zen Eusko Jaurlaritzak zuela horren kontrola eta dena ondo zegeoela. Errealitatea da inork ez duela bertako kontrolik egin» aipatu du. Moralesek azaldu nahi izan du aurretik ere leku berean beste zabortegi bat zegoela eta arazoak izan zituztela harekin ere. Honekin jarraitu dute orain, baimen batzuk eman ziren bere garaian, inongo galdeketarik egin gabe» azaldu du.

Zabortegia ixtea ere eskatu zuten atzoko oharrean. «Milaka eta milaka tona daude eta arazo bat dugu horrekin. Guk uste dugu hor ezin dela ezer botatzen segi, ezin zen hasi ere egin». Honetaz gain, azaldu du arazo bat dagoela nola itxi eta zabor horrekin zer egin kudeatzeko.«Orain ez dakit zer egingo duten, guk istea nahi dugu, eurek pentsatu beharko dute zer egin eta nola egin». Bertan izan den sutearen harira ere mintzatu da, «sute bat dago bertan, ez dakigu zer ari den erretzen. Eurek ere ez dakite zer dagoen bertan, ez da kontrolik egon, enpresak gezurrak esan ditu». Jendea mobilizatzen hasi dela ere nabarmendu du.

«Oso luzerako doa, hainbat adar baitaude. Gorputzen bilaketa, osasun kontu guztiak bermatzea, zabortegiaren segurtasuna eta ondorioen kudeaketa». Hilabete asko iraungo duen kontua dela aipatu du Moralesek. «Ez dago plan zehatzik guzti honi erantzuna emateko. Ezjakintasunean jarraituko dugu».

Jaurlaritza Logoa