Naiz Irratia

Esti Besa:«Arabar izendapena behar dugu, bestela pikutara goaz»

Arabar Errioxako ardo ekoizleek jatorri izendapen propioa sortu nahi dute. Esti Besa (Candido Besa upategia) bertako ardo ekoizlea da, eta Naiz Irratian adierazi du upategi txiki asko desagertzen ari direla agroindustriaren ondorioz. Berea bezalako upategi txikiak gal ez daitezen jatorri izendapen propio baten beharra dutela nabarmendu du Informazioaren Harian.

Audio_placeholder

Esti Besa:«Arabar izendapena behar dugu, bestela pikutara goaz»

Loading player...
Arabar Errioxa.
Arabar Errioxa.

«Nork ezagutuko ditu gure beharrak hobeto?», Hala adierazi du Esti Besa ardogileak. Arabar Errioxa jatorri izendapena lortu nahi dutenetako bat da Besa, eta adierazi du izendapen propioa sortu nahi dutela, beraien eredua babesteko.

2016an sekulako kezkak sortu zitzaizkiela adierazi du ardogileak. «Jendeak ardoa egiteari utzi zion agroindustriaren erruz». Horrek sekulako eragin ekonomikoa ekarri zuela adierazi du. ABRAren barruan (Arabar Errioxako upategien elkartea) eztabaida ireki zuen gaiak Besak azaldu duenez. 

Egungo egoera larria dela azaldu du, «gure lana eta bizimodua beherantza doa, eta zerbait egin behar dugu». Jatorri izendapen propioarekin hobeto funtzionatuko dutela esan du. Ez du ulertzen orain Errioxako jatorri izendapenak daukan jarrera, «nik ez diot prestigiorik kentzen, oso handia eta prestigiotsua da. Baina boluntarioa ere bada». Azaldu du nahi ez duenak eskubidea duela Errioxako jatorri izendapenetik kanpo egoteko. Arabako Mahastiak izendapenaren aurkako jarreraren atzean interes ekonomikoak daudela gaineratu du. 

Ramiro Gonzalez, Arabako ahaldun nagusiaren hitzak ere gogor kritikatu ditu ardogileak, «ez da nekazaria, ez du mahastirik». Gaineratu du Gonzalezek badakiela Arabar Errioxako ardoa «pikutara» doala, eta ez duela ezer egiten. «Zer nahi dute, gu pikutara joatea?» Poliki poliki aurrera jarraitu beharra dagoela azpimarratu du, «hau ez da upategi zoro batzuen ideia, aurrera egiteko bide bat baizik».

Hurrengo bi hilabeteetan izendapen berriaren aurkako alegazioak aurkezteko tartea izango du hala nahi duenak, baina Besak azaldu du ez duela uste prozesua etengo dutenik eta laster izendapen berria martxan izatea espero duela, «hemengo nekazariei ondo etorriko zaie».