En directo
Aske utzi eta gutxira NAIZ Irratian izan da goizean Guardia Zibilak atxilotu dutenetako bat, Sorturen Gipuzkoako arduraduna, Haimar Altuna. Ongietorri ekitaldien antolaketa legoke atxiloketen atzean.
Akusazioak nahiko azaletik azaldu dizkietela esan du Altunak, «esan digutena da azken hiru urteetan ongietorrien artean egotea, presoekiko lotura bermatzea eta horrelako beste hamaika kontu». Bere ustez, ordea, «fokoa nonbaiten jarri behar bada» honakoan egin behar da: «Berriro ere Euskal Herriak Estatuekin duen gatazka politikoa modu justu eta demokratiko baten bidez konpondu beharrean atxiloketak, errepresioa eta ukazioa da euren errezeta».
Altunaren arabera «ez da kasualitatea kontestu politiko honetan» ematea atxiloketa hauek, «herri honek aspaldi luze honetan erabaki du konponbide oso baten aldeko jarrera duela, eta berriro ere badatoz Guardia Zibila eta salbuespenezko Auzitegi Nazionala berea esatera. Berriro datoz iraganera lotuta nahi gaituztelako. Ikusiko dute, alfer-alferrik dabiltza».
«Ezkerreko soberanismoa da biktima guztien aitortza eskatzen duen bakarra»
«Biktimak umiliatzea» litzateke egozten zaien kontuetako bat. Ukatu egin du Altunak: «Ezkerreko soberanismoa da biktima guztien aitortza eskatzen duen bakarra. Beste guztien ahotik ez dugu halakorik entzun, beti parteko biktimei begiratzen diete eta alde bateko errelatoaz mintzo dira». Errelato bat «inposatu» nahi dutela uste du Altunak.
«Guk argi esan dugu biktima guztien aitortzaren alde gaude, errekonozimenduaren alde; baina guzti, guzti, guztiena. Gatazkaren ondorioz preso edo erbestean daudenak etxean egotea ere bada elkarbizitzan aurrera egiteko modu bat».