En directo

Naiz Irratia

Jexux Olaziregi: «Norbanako bakoitzaren keinu txiki batekin sostengatzen ari da Gure Esku bezalako proiektu handi bat»

Gaur goizean egin da notario aurrean Tripontzia-ren zozketa. Ane Labaka eta Nerea Ibarzabalen Txakur Gorria sortzaileen kolektiboko kideek idatzitako zortzi istorioak osatzen dute «Tripontzia: burujabetzara bidean» istorio sorta digitala, eta Unai Gaztelumendi  diseinatzaile eta ilustratzaileak egin ditu marrazkiak. Komiki digitalaren sustapenarekin batera, 94.000 euro zozketatu dira guztira, komiki digitalerako kodea erosi duten guztien artean. Azalpen guztiak eman dizkigu Jexux Olaziregik.   

Audio_placeholder

Jexux Olaziregi: «Norbanako bakoitzaren keinu txiki batekin sostengatzen ari da Gure Esku bezalako proiektu handi bat»

Loading player...
Tripontzia ekimenaren aurkezpena
Tripontzia ekimenaren aurkezpena

Gaur egin dute Tripotzia-ren zozketa, eta saria nora iritsi den azkar jakin ahal izan dute antolatzaileek. Jexux Olaziregik esan digu sari nagusia Deustora joan dela –60.000 euroko saria–, bigarrena, berriz, Azpeitira joan dela –2.000 euro– eta hirugarrena, aldiz– Donostiara, Aietera –1.000 euro–.

Olaziregik esplikatu digu zertan datzan Tripontzia egitasmoak: «Behar batetik sortu zen. Gure Esku-ren proiektua sostengatzeko oinarri bat behar genuela ikusten genuen. Urteekin eboluzionatzen joan da eta aurten bereziki produktuari garrantzia berezia eman diogu».

Olaziregik balorean jarri ditu Ane Labaka eta Nerea Ibarzabalek idatzitako zortzi istorioak, eta Unai Gaztelumendik marraztutakoak, eta esan digu horiek sustatze aldera eta burujabetzaren bidean pausu batzuk emate aldera, jarri zutela martxan aurtengo Tripontzia. 94.000 euro zozketatu dituzte guztira eta eurentzat, esan digunez, «garrantzia handia dauka zozketa egiteak eta zozketa ateratzeak, sinesgarritasun handia ematen digulako».

Aurtengoa laugarren edizioa izan da, eta Olaziregik oroitarazi digu lehen edizioan ere komiki baten bueltan jardun zirela. Bigarrenean, berriz, Kontseiluarekin batera 'Jostunak' dokumentala sustatu zuten, eta hirugarrenean, aldiz, 'Elkarrekin-Together' dokumentala landu zuten. Aurtengoan, berritasunaren bidetik, pertsonaia bat sortu dute –hontza, Tripontzia izenekoa–, eta horren inguruko produktua kaleratu dute. «Zentzu bat eman diogu honekin guztiarekin».

Nahiz eta jendearengana iristea erraza ez izan, aurtengo sariketak harrera ona izan duela esan digu Olaziregik. «Eskertu nahi diegu zozketa parte hartu duten guztiei, eskertu nahi diegu komikia erosi dutenei. Kanpaina honen ardatz gisa esaten genuen keinu txiki batekin hasten dela dena eta norbanako bakoitzaren keinu txiki hori sostengatzen ari da Gure Esku bezalako proiektu handi bat.

Datozen urteetan ere egitasmoa errepikatzeko intentzioa dutela dio Olaziregik: «Ziurrenik datorren urtean ildo berdinetik jarraituko dugu, Tripontziaren bigarren ale batekin eta hori izango dela sustatzeko elementua».     

 

Jaurlaritza Logoa