Urrutia: «EAEren autogobernuaz, eztabaida politiko eta parlamentarioari ekin behar zaio»

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoaren estatus politikoa berritzeko testu artikulatua idazteko zeregina izan duten adituetako bat da Iñigo Urrutia. Ohartarazi du «Eusko Legebiltzarrak EAEren estatus politikoaren aldaketa kualitatiboa» adostu zuela baina EAJ, PSE eta Podemosek osatu duten testuak ez duela «aldaketarik planteatu, autonomia sisteman txertatuko den autonomia bat baizik»

Loading player...
Naiz Irratia|15/01/2020
Urrutia
Iñigo Urrutia Autogobernu Ponentziara sartzen, pasa den astelehenean. (Endika PORTILLO/FOKU)

Gasteizko Legebiltzarrean, Autogobernu Ponentzian, adituen agerraldiak entzuten hasi dira aste honetan, ateak itxita. EH Bilduk izendaturiko aditu Iñigo Urrutiak eta Podemosek izendaturiko Arantxa Elizondok hartu zuten hitza lehenik, astelehenean, eta PSEk izendaturiko aditu Alberto Lopezek, atzo. Hurrengo agerraldia urtarrilaren 31n izango da, EAJko diputatu Mikel Legardarena izango da.

Urrutiarentzat «harrigarria» da aipaturiko agerraldiak publikoak ez izatea. «Harrigarria da egindako lanak eta hausnarketak publiko ez egitea, momentu honetan proiektuak, proposamenak mahai gainean daude eta logikoena izango litzateke gizartea jakinaren gainean egotea».

EAJ, PSE eta Podemosek erabaki dute agerraldiak pribatuak izatea, Urrutiaren iritziz «oso perfil baxuarekin mantendu nahi dutelako autogobernuaren eguneraketaren gaia».

Hain justu, herritarrek egoeraren berri ba ote duten galdetuta, EH Bilduk izendaturiko adituak dio elementu hau dela «prozesuaren akatsetako bat». «Momentu honetan esku artean duguna benetako prozedura konstituziogile bat da. Legebiltzarrak 2018ko ekainean onartu zituen oinarrietan argi agertzen zen estatus politikoa aldatze aldera jauzi kualitatibo bat eman behar zela, autonomi erkidegoen sistemak bereak eman dituela». Egoerak prozesu konstituziogile bat eskatzen duela dio Urrutiak, «beste egituraketa politiko bat, konfigurazio berri bat» eta aldaketa hori egiteko gizartea «funtsezkoa» dela azpimarratu du. Ordea, prozesua «nahiko ixilpean» garatu dela aitortu du. Hala, gizartearen inplikaziorik gabe EAEren etorkizun politikoa diseinatzea zaila izango dela ohartarazi du. 

Gasteizko Legebiltzarrak 2018an onartu zituen oinarriek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoaren estatus politikoa aldatzeko zeregina ezarri zutela azaldu du, «Estatu zentralarekiko aldebiko harreman konfederal bat» diseinatzeko zeregina zehaztu zuela. Ordea, EAJ, PSE eta Podemosek diseinatu duten testuak ez du «aldaketa kualitatiborik plantetazen» Urrutiaren esanetan, soilik «autonomia sisteman txertatuko den autonomia bat, Gernikako Estatutuaren erreforma bat, beti ere egungo parametroetan».

Denborarik ezin dela galdu iritzi dio abokatuak eta «Kataluniak bere prozesuarekin» aurrera darraien bitartean, EAJ, PSE eta Podemosek euren testua aurkeztu beharko luketeela Gasteizko Legebiltzarrean, «lehenbailehen tramitazio parlamentarioari eta eztabaida politiko eta parlamentario bati ekiteko».

FM Bilboaldea 92.2 · Gasteiz eta Lautada 91.5 · Donostialdea 93.8 · Durango 97.4 · Gernika 96.7· Leitza 95.1 · Bortziriak 103.1 · Urola 91.8 · Goierri 102.2 · Legazpi 94.6
@NAIZIrratia