En directo

Naiz Irratia

Aitor Agirrezabal: «Berotasun handia nabaritu zen lehen unetik, eta berotasuna diodanean, elkartasunaz ari naiz»

Larunbatean Atarrabian ospatutako 23. Hatortxu Rock jaialdiak ez zuen inor epel utzi. Emozioak pil-pilean, beste behin ere, elkartasun keinu ugari eta maitasunaren apologia egiteko probestu zuten jaialdira gerturatutako ehunka lagunek. Pausatuago, Aitor Agirrezabalekin hitz egin dugu, lehen balorazio eta inpresioak jasotzeko asmoz. 

Audio_placeholder

Aitor Agirrezabal: «Berotasun handia nabaritu zen lehen unetik, eta berotasuna diodanean, elkartasunaz ari naiz»

Loading player...
Beroa eta maitasuna senideentzako Hatortxun. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Beroa eta maitasuna senideentzako Hatortxun. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

«Maitasunaren apologia» lemapean, 23. Hatortxu Rock jaialdia ospatu zen pasa den larunbatean Atarrabian. Bi hamarkada ondo beteak dituen arren, oraindik ere aldarri berari lotuta jarraitzen du Hatortxu Rock jaialdiaren jardunak. Izan ere, dispertsio politikari aurre egin behar dioten euskal preso politikoen senideei babesa erakutsi eta euren eskubideak aldarrikatzeko jaio zen, eta, 2019an, Euskal Herriak gatazka politikoaren konponbidean pausoak eman beharko lituzkeen honetan, oraindik ere, urrun gaude egoera horretatik.

Aitor Agirrezabal izan da jaialdiaren antolakuntzan jardun den kideetako bat, eta gurekin mintzatu da jaialdiak utzi duenaz. Amaitu zenetik ordu gutxi igaro badira ere, oso pozik daudela baieztatu digu: «Jende pila etorri zen lehen ordutik, eta arazo handirik gabe, dena martxan jarri genuen hasieratik». Kalean hotz handia egiten zuen arren, lehen unetik berotasuna atzematen zela ziurtatu du: «Berotasun handia diodanean elkartasunaz ari naiz. Lehen momentutik gainera. Beti pentsatzen dugu jendeari kosta egiten zaiola bazkalordutik altxatzea, baina aurten lehen unetik beteta egon ziren karpak eta azken unera arte horrela izan zen».

Ekitaldi zentralean presoen senide eta lagunak igo zituzten eszenatokira, eta, «zalantzarik gabe», hura izan zen unerik hunkigarrienetakoa: «Horrelako jaialdi bat antolatzea sekulako lana da, hilabete askoko lana, ordu pila bat... baina emaitzak merezi du. Eta aurten inoiz baino argiago eta zentzu gehiagorekin esan dezaket. Ekitaldia antolatu genuen eta parte zentrala euskal preso politiko, iheslari eta deportatuen senide eta lagunak izan ziren. Harrera moduko bat egin zitzaien eta eszenatokira igo genituen. Ekitaldia amaitu ostean haien mezuak jaso ditugu eta oso pozik gaude, oso hunkigarria izan zela eta pilak kargatzeko balio izan ziela, eta nik uste horretarako balio duela hilabete guzti hauetako lana».      

Kontzertuei dagokienez, Iheskide taldearen itzulera izan zela motibagarrienetako bat azaldu du Agirrezabalek, bost urteren ondoren berriz ere taula-gainera igo baitzen Elorrioko musika taldea. Hortik aurrera, ordea, «kontzertu berezi eta haundi» ugari egon zirela uste du Agirrezabalek: «Nogen taldearen emanaldia ere oso polita izan zen, eta gainera, ezberdina izan zen, Hatortxun ikustera ohituak gaudenetik oso diferente; eta beste bat aipatzeagatik, Rotten-en kontzertua aipatuko nuke. Talde honek kide bat galdu zuen urtarrilean lan-istripu batean, eta berari omenaldi bat egin nahi izan zioten kontzertu amaieran eta uste dut hori izan zela Hatortxu honetako beste momentu hunkigarrienetako bat». 

Aurten, aurreko edizioekin alderatuta espazio handiagoa eskaini badute ere, sarrera guztiak aspaldian agortu ziren. Aurten ere txiki geratu da, beraz, jaialdiaren aforoa, baina horregatik ere pozik daudela aitortu du. Eszenatoki kopuru handiagoa, beste mota bateko dekorazioa, beste musika estilo batzuk, jantokia... Edonola ere, espazioak behartretara egokitzeko lanean segi beharko dutela ere onartu du.

Oraintxe desmuntaia lanetan dihardutela azaldu digu, eta probestu du eskerrak emateko lanean jardun duten boluntario guztiei: «Hatortxu egun bakar bat baino askoz gehiago da. Ikusten ditugu barra atzean daudenak, segurtasunean, edo sukaldean daudenak, horiek guztiak ere ezinbestekoak direla, baina askotan ahazten ditugu aurretik eta ondoren dabiltzan boluntarioak. Horiek gabe ezingo genuke aurrera atera».

 

 

 

 

 

   

 

 

 

 

Jaurlaritza Logoa