En directo

naiz irratia

Ilusioa nagusi Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalisten artean

Bihar ospatuko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala, arratsaldeko 16:30etan. Agin Laburu, Alaia Martin, Ane Labaka, Beñat Gaztelumendi, Beñat Lizaso, Jon Maia, Nerea Elustondo eta Oihana Iguaran igoko dira aurten Donostiako Illunbeko oholtzara.

Audio_placeholder

Ilusioa nagusi Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalisten artean

Loading player...
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako aurtengo finalistak.
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako aurtengo finalistak.

Bihar arratsaldeko 16:30etan jokatuko da hiru hilabete zehatz iraun duen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala. Bertsozale Elkarteak finalaren aurkezpen agerraldia egin du aste honetan eta bertan izan dira txapelketako zortzi finalistak. Hauek, txapelketan zehar izandako sentsazioak eta biharko finalera begira dituzten aurreikuspenak azaldu dituzte.

Hiru hilabete baino gehiago iraun duen prozesu bat izan dela uste dute finalistetako batzuk, eta horien artean dago Agin Laburu. Labururentzat, «freskura» da bere bertsoetako elementu garrantzitsuenetako bat: «nire bertsokera ez da hain matematikoa, garrantzia dauka ondo iristea finalera eta lanketa hori egin dut hiru hilabete hauetan».

Ane Labaka Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako beste finalista bat da. Labakarentzat ere luzeak izan dira txapelketako hiru hilabeteak baina «ilusioz» beterik dagoela aitortu du, «oso pozik nago egindako bide guztiarekin eta poztasun horrekin joango naiz finalera, prozesu hori borobiltzeko».

Ilusioaz gain, finalari begira urduritasuna sentitzen duela aitortu du Beñat Lizaso bertsolariak, «finalera ilusioarekin baina beldur puntu batekin ere iristen naiz. Ea illunbeko jende pila horrek zer eragiten duen».

2015eko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako irabazlea Beñat Gaztelumendi izan zen eta bihar berriz ere txapela irabazteko aukera izango du. Bere burua baldintza onetan ikusten du Gaztelumendik: «neure burua fresko ikusten dut eta finalera begira sentsazio onak ditut orokorrean».

Alaia Martin da txapelketako beste finalista bat. Martinek aurtengo finaleko zortzikotearekin «emozionatuta» eta txapelketan zehar ikasitakoa aplikatzeko gogoekin dagoela aitortu du.

Emozio horren beste aldean lasaitasuna dago eta sentimendu hori da Jon Maia bertsolariarengan gailentzen dena. Maiak dio txapelketa honekin esperientzia «desberdin» bat bizi izan duela, «inoiz baino beranduago hasi naiz txapelketa prestatzen. Argi neukan ez nuela inolako sufrimendurik nahi eta oso arin pasa zaizkit hilabete hauek». Lasaitasun horrekin ere bizi izan du txapelketa Nerea Elustondok. Izan ere, bere egunerokotasunean denbora gehiegirik ez duela izan aitortu du.

Oihana Iguaran bertsolariak bere partez, gogo handiak ditu biharko finalerako: «final erditan aho zapore arraroarekin geratu nintzen eta orain gogo handiak ditut zapore ona uzteko».

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalean Xabier Gaztelumendik jantziko dio txapela aurtengo irabazleari.

NAIZ irratiak zuzenean eskainiko du finaleko saioa arratsaldeko 16.30etatik aurrera.

Jaurlaritza Logoa