En directo
Ikusita fase berrian sartu dela Gasteizko legebiltzarreko autogobernu ponentzia, sentsibilitate ezberdinetako hiru testuetan erabakitze eskubideari aipamena egiten zaiolako balorazio «positiboa» egin du Gure Eskuko Amalur Alvarezek. Aldiz, oinarrizko printzipioetan adostasunik lortu ez izana «ulertezina» zaio: «Gizartearen gehiengoak eskatzen du etorkizun politikoa erabakitzeko tresnak izatea. Oraintxe bertan gabezia hori egon badago».
«Ez dugu ulertzen akordiorik lortu ez izana Autogobernu Lantaldean adostutako oinarri eta printzipioei eutsiz», esan du. Lehen Eusko Legebiltzarreko bi indar nagusien arteko akordio bat zegoen, eta orain hiru formulazio ezberdin daude eta akordiorik ez. Hori horrela, oraingoz, ez dago erabakitzeko eskubidearen inguruko formulazio bateraturik, eta «horrek esan nahi du une honetan gaitasun falta bat dagoela gizarteak eskatzen duenari erantzuteko: formula eraginkor bat gure etorkizun politikoaz erabakitzeko».
Gure Esku prest agertu da alderdi eta erakundeei laguntzeko beraien arteko liskarrak gainditzen, adostasunak errotzen, eta urrats eraginkorrak egiten. «Herritarren erabakitzeko gaitasuna modu librean gauzatzeko bide eraginkorrak izan arte lan egingo dugu», amaitu du.