En directo
Pentsio duinak, bidezkoak eta nahikoak eskatzeko milaka pentsiodun elkartu dira Gasteizko kaleetan. Manifestazioan parlamentura joan eta talde politikoei euren aldarriak jasotzen dituen mozioa entregatu diete.
Gogoratu dute, Pedro Sanchezen Gobernuak «nahikoa denbora izan duela» legez pentsioen igoera automatikoa bermatzeko, lan-erreforma indargabetzeko eta gutxieneko pentsioa 1.080 eurora igotzeko. Gobernu berria osatzeko dagoen honetan, hitzetatik ekintzetara pasatzeko eskatu diote. Gainera, Lakuako Gobernuak Podemos eta Equorekin adostu dituen aurrekontuetan 1.080 euroko gutxieneko pentsioak ez direla aipatzen salatu dute, gaineratuz, ezin dutela gehiago itxaron.
«Gasteizko parlamentuari eskatzen diogu gure aldarriak bere egiteko, baita Kongresuan gure ahotsa eraman dezaten», esan du Ana Mezok, Oneka plataformako kideak. «Badakigu eskumena Madrilen esku dagoela, baina uste dugu bertan asko egiteko dagoela sistema publiko propio baten bidean».
«Onekan uste dute lege batzuk martxan jarri eta osagarritasun batekin hilaren amaierara iristen ez diren pentsiodunei laguntzeko». Podemos eta Equok Urkulluren exekutiboarekin adostutako aurrekontuak «gaitzetsi» ditu Mezok.
Gaur Gasteizen izan den irudia errepikatuko da abenduaren 16an Nafarroako parlamentuaren kanpoaldean.