En directo

NAIZ

Lehenbailehen porturatzeko premiaz ohartarazi du Aita Marik, eguraldi txarra datorrela-eta

Aita Mari itsasontziak Mediterraneo itsasoan jarraitzen du, porturatzeko baimenaren zain, atzo erreskatatu zituen 78 lagunekin. Asteburuan oso eguraldi txarra datorrela eta, Izaskun Arriaran eskifaiako kideak ohartarazi du egoera asko okertu daitekeela eta lehenbailehen porturatzeko beharra nabarmendu du, NAIZ Irratian.

Audio_placeholder

Lehenbailehen porturatzeko premiaz ohartarazi du Aita Marik, eguraldi txarra datorrela-eta

Loading player...
Aita Mari ontzia. (@maydayterraneo)
Aita Mari ontzia. (@maydayterraneo)

Aita Mari itsasontziak bere lehen erreskatea egin zuen atzo arratsaldean Mediterraneoan; 78 lagun jaso zituen Libiako kostatik gertu, horien artean zortzi adin txikiko. Gazteenak 11 urte, eta bere amarekin dago. Izaskun Arriaran eskifaiako kideari elkarrizketa egin diote NAIZ Irratian eguerdian, eta azaldu duenez, denak ongi daude, nekatuta baina osasun egoera onean, eta gaua lasai igaro dute.

Eskifaiako kideentzat bestelakoa izan da gaua. Lehen erreskatea egin ondoren, arratsaldeko 18.30 aldera dei bat jaso zuten jitoan zihoan ontzi baten berri emanez. Esandako tokira abiatu eta goizaldeko 2.30ak arte ibili ziren haren bila, baina ez zuten topatu. Horretan ari zirela, bigarren dei bat jaso zuten; eremu hartan Open Arms itsasontzia geratu zen eta Aita Mari berriro abiatu zen beste barkuaren bila. Azkenean, goizeko 6.30-7.00ak aldera erreskatatu dute Maltako kostazainek.

Arriaranek kontatu duenez, gaur goizeko 9.00ak aldera hirugarren deia jaso dute, 40 lagun inguru daramatzan ontzi baten berri emanez, eta haren bila joan dira, agintariei abixua eman ondoren. Arratsaldeko lehen orduan jakinarazi diete Libiako agintariek hartu dutela beren gain erreskate operazioa, eta «nahiz eta gure laguntza eskaini diegun, ez dute onartu».

Hori dela eta, hirugarren ontzi horren bilaketa bertan behera utzi eta iparralderantz abiatu da euskal itsasontzia, segurtasunagatik. Orain herrialderen batek porturatzeko baimena eman diezaien zain daude, atzo erreskatatutako 78 lagunekin.

360tik gora pertsona erreskatatu dituzte

Aita Mari, Ocean Viking eta Open Arms ontzien artean 363 etorkin erreskatatu dituzte ingurune horretan; beste 74 lagun beren kabuz iritsi dira Lampedusako irlara, Italian, eta Maltako itsas armadak 70 pertsona erreskatatu ditu. Libiako kostazainek, berriz, 289 pertsona baino gehiago atzeman dituzte itsasoan eta atzera lehorrera itzuli. Gainera, Tunezeko kostazainek itsasoan galdutako 43 pertsona atzeman dituzte.

Bestalde, arrantzale libiar batek Alarm Phone-ri hondoratze baten berri eman zion; horren arabera 67 lagun hil ziren eta beste 30 salbatu egin zituzten.

Azken egunotan eguraldi ona egin du eta Izaskun Arriaranen iritziz hori izan liteke hainbeste ontzi atera izanaren arrazoia. Astebururako, ordea, oso eguraldi txarra iragarri dute eta Aita Mariko kideak ohartarazi du egoera asko okertu litekeela itsasoan jarraitzen badute. Horregatik, lehenbailehen porturatzeko beharra nabarmendu du.

Jaurlaritza Logoa