Satorralaia: «Udalak metroko eraikuntza enpresekiko agertzen duen morrontza salatu nahi dugu»

Donostiako Udalbatzarrean ika-mika sortu da, metroko lanek kaltetutako bizilagunek hitza hartu nahi izan dutenean. Herritarren ahotsa entzutea ekidin du Eneko Goia alkateak eta aretotik kaleratu dituzte metroaren aurkako protestan ari zirenak. Mikel Alvarez, Satorralaia plataformako bozeramaileak kontatu digu gertatutakoa.

Loading player...
Naiz Irratia|21/11/2019
Pleno-21nov19-satorralaia
Satorralaia plataformak metroaren kontrako protesta egin du Donostiako Udaletxean (Argazkia: Satorralaia)

Aste honetan, Antiguako auzoan gertatutako luiziaren ondotik, EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak  urgentziazko agerraldi bat eskatu diote alkateari, honen inguruan erantzunak eman ditzan. Satorralaia plataformak deituta, metroko lanek kaltetutako herritar ugari gerturatu dira Udalbatzarrera. Mikel Alvarez plataformako bozeramaileak kontatu digu Udal Gobernuak horren kontrako botoa eman duela eta, horrez gain, «Antiguako bizilagun kaltetu batek hitza hartzea eskatu duenean, Eneko Goiak ukatu egin dio eskubide hori».

Alvarezek dio Utzikeriaren hamaikagarren erakustaldia izan dela Antiguako luiziarekin gertatu dena: «Plataformatik gogor salatu nahi duguna da Udalak metroko eraikuntza enpresekiko agertzen duen morrontza. Gaur, zenbait herritarrek protesta egin dugu, batetik metroko pasartearen kontrako jarrera azaltzeko eta, bestetik, Antiguan gertatu den luiziak kaltetutako bizilagunei elkartasuna adierazteko».

Udalaren jarrera salatu dute, beste behin, plataformatik: «Eneko Goiak herenegun ukatu egin zuen lur-jausi hori luiziaren ondorioz gertatu zenik, baina atzo, ordea, 'hipotesi guztiak irekita' daudela onartu behar izan zuen Marin Ibabe herri segurtasunerako zinegotziak. Zarautz etorbideko bizilagunek lur-jausi hori gertatzeko arriskuaz ohartarazi zuten aurretik, metroaren lanek eragindako bibrazioak, pitzadurak eta gaueko zarata jasangaitzak ere hainbat aldiz salatu dituztelarik».

Alvarazek gaineratu du Donostian metroa eraikitzea ez dela inola ere beharrezkoa: «Lan erraldoi honek hirigunean eragindako kalte larrienak oraindik ere gertatzear daudela salatzen dugu. Eta desmasia guzti honek agerian uzten du indarrean dagoen hiri eredua nork gidatzen duen».

FM Bilboaldea 92.2 · Gasteiz eta Lautada 91.5 · Donostialdea 93.8 · Durango 97.4 · Gernika 96.7· Leitza 95.1 · Bortziriak 103.1 · Urola 91.8 · Goierri 102.2 · Legazpi 94.6
@NAIZIrratia