En directo

Naiz Irratia

Beste bi ustezko iruzur, Osakidetzan

Irregulartasunak salatu ditu ESK sindikatuak Osakidetzako lan eskaintza publikoko beste bi espezialitatetan. Neurofisiologian eta Neurokirurgian ere filtrazioak izan direla salatu dute. Lorena Ramos, ESK sindikatuko ordezkariak azaldu digu.

Audio_placeholder

Beste bi ustezko iruzur, Osakidetzan

Loading player...
Osakidetzako Lan Eskaintza Publikoko Azterketa, BEC-en. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Osakidetzako Lan Eskaintza Publikoko Azterketa, BEC-en. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Osakidetzako lan eskaintza publikoko beste bi espezialitatetan salatu ditu irregulartasunak ESK sindikatuak. Pasa den azaroaren 15ean, Gasteizko bigarren auzitegian plazaratu zuen salaketa sindikatuak, Lorena Ramos ordezkariak azaldu digunez: «Fiskaltzara eraman genituen froga batzuk, uste dugulako ustelkeria egon zela bi azterketetan: Neurokirurgia eta Neurofisiologian».

Ikerketa zabalagoa eskatu diote fiskaltzari. Izan ere, epaitegietara jo aurretik, ikerketa lan zabala egin du sindikatuak: «Jaso dugun informazioa oso sakonki aztertu dugu, bertan azterketen probak nola egin ziren agertzen da… Ikusi dugu agertzen zen nota ez zetorrela bat ageri ziren pertsonekin, onuradunak izan diren plazekin. Ikusi dugu irregulartasunak egon zirela, ez zetozela bat».

ESK, LAB sindikatuarekin batera, herri akusazioa da Osakidetzako lan eskaintza publikoaren auzian. Salaketa ugari egin dituzte, Neurofisiologia espezialitatearen kasua bera aipatu zuten hasierako salaketan, baina ez zuen jarraipen judizialik izan. Osakidetzak sindikatuarekin ez duela inolako harremanik salatu du Ramosek: «Osakidetzaren jarrera da aurrera jarraitzea, eta guri ez digu aurpegia eman. Ustez Osakidetzak egin ditu ikerketak, baina iruditzen zaigu Osakidetzak duen jarrera ez dela egokia. Ez da egokia, Murga andreak iragarri zuelako neurriak hartuko zituztela azterketak egiterako orduan, baina gure ustez ez dira egokiak eta ez dira nahikoa, iruzurra ez dutelako benetan ekiditen».

Sindikatuek aurrez jarritako salaketaren ondotik, Lakuak erabaki zuen behin-behinean  bertan behera uztea ikertuak izaten ari diren espezialitateetako azterketak, hamaika guztira. Jon Darpon osasun sailburuak ere dimisioa eman zuen eskandaluaren ondoren. ESK sindikatutik diote nolabaiteko arrakasta dela hori: «Gure ustez arrakastatsua izan da ardura bat duten pertsonek beren kargua uztea, esan nahi duelako bere lana ondo ez dutela egin. Hemendik aurrera, nork daki. Denbora behar dugu, gauza gehiago aztertuko ditugu eta ikusten badugu gauzak ondo ez doazela, dagozkion neurriak hartuko ditugu».

Jaurlaritza Logoa