En directo

Naiz Irratia

«Udalek aukera handiak dituzte hizkuntza eskubideak bermatzeko»

Udalak eta euskalgintza elkarlanean aritzeko tresna aurkeztu du Kontseiluak: 'Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren Udal Garapena'. Paul Bilbao, Kontseiluko idazkari nagusiak, azaldu digu zertan datzan dokumentua.

Audio_placeholder

«Udalek aukera handiak dituzte hizkuntza eskubideak bermatzeko»

Loading player...
Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren Udal Garapena tresna aurkeztu du (Juanan Ruiz, Foku))
Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren Udal Garapena tresna aurkeztu du (Juanan Ruiz, Foku))

2016an, Donostian plazaratu zuten 'Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko protokoloa' eta orain, protokolo hori udalek aplikatzeko moduan aletu du Kontseiluak, Paul Bilbao idazkariak azaldu duenez: «Orduan hainbat hizkuntza komunitatek egin genuen proposamen bateratua hizkuntza eskubideak bermatze aldera, eta gero bakoitzak bere egoerara moldatu behar zuen protokolo hori».

Fokua udaletan jartzea estrategikoa dela nabarmendu du, halaber, Bilbaok: «Kontseiluan, udalak izan ditugu beti jomugan, uste dugulako udalek aukera handiak dituztela hizkuntza eskubideak bermatzeko neurriak hartzeko eta, gainera, herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak direlako. Saiatu gara hori udalen betaurrekoetatik aztertzen, ikusteko ea udalek dauzkaten tresna guztiak baliatuz, nola bideratu ditzaketen hizkuntza politikak».

Hala, txostenean hiru mugarri jarri dituzte: zerbitzu osoa euskaraz eskaintzea, komunikazio osoa euskaraz egongo dela bermatzea eta euskaraz lan egiteko eskubidea bermatzea. «Guk ez dugu plangintza bat proposatzen, baizik eta gidalerro batzuk, plangintza hori udalek egin dezaten».

Udaletako langileekin bilerak egin dituzte, txostena osatzeko, euren errealitatetik abiatzeko: «Euskal Herrian, badakigu zein den gure errealitatea hizkuntza eskubideen aitortzari dagokionean, toki batzuetan euskara ofiziala da, besteetan ez… saiatu gara guztien ekarpenak jasotzen».

Ipar Euskal Herriari dagokionez, 2020rako txosten bat taxutzen ari dira: «Asmoa daukagu hauteskundeak baino lehenago hautetsiekin bilerak egiteko.»

Jaurlaritza Logoa