En directo

Naiz Irratia

«Gure auzoan, gazte askoren elkargunea ari dira bihurtzen apustu etxeak»

Apustu eta joko etxeen kontra mobilizazio ugari ari dira deitzen Iruñerrian azken asteotan. 'Apustu Etxerik Ez Sanduzelain' plataformako kidea den Montxo Barea elkarrizketatu dugu, langileen auzoetan kezka asko hedatu dela azaldu du.

Audio_placeholder

«Gure auzoan, gazte askoren elkargunea ari dira bihurtzen apustu etxeak»

Loading player...
Sanduzelai auzoan mobilizazioa antolatu dute apustu etxeen aurka (Iñigo Uriz, Foku)
Sanduzelai auzoan mobilizazioa antolatu dute apustu etxeen aurka (Iñigo Uriz, Foku)

Ekainean sortu zuten apustu eta joko etxeen kontrako plataforma Sanduzelain, eta ikasturte berriarekin «indartsu» itzuli direla azaldu du Montxo Bareak. Ugari dira, langile auzoetan gaiari autre egiteko sortutako plataformak: «Kezkagarriena da langile auzoetan ari direla sortzen plataforma hauek, arazoa auzo hauetan ematen delako».

Kokalekua ez dela kasualitatea argi dio Bareak: «beraien helburua dira gazteak eta langileak. Langile auzoetan lan baldintza prekarioak direla eta, soldatak miserableak dira eta jendeak ikusten ditu esperantza -faltsua, baina esperantza azken finean- bizi kalitatea hobetzeko. Instituto eta eskola inguruetan ere ez da kasualitatea: lortzen baduzu gaztea den pertsona bat apustuen mundura sartzea, luzaroan edukiko duzu».

Apustu egitea, gaur egun, errazegia dela salatu du, halaber: «ez bakarrik apustu etxeetan, baita tabernetako makinetan, edo mugikorren bitartez. Gure auzoan, gazte askoren elkargunea ari dira bihurtzen apustu etxeak eta horrek kezkatzen gaitu bereziki».

Gazteei beste aisialdi eredu bat eskaintzeko lanean ari dira auzoko eragileak. Plataformatik, dena den, dei egiten diote Nafarroako Gobernuari; azken helburua, apustu etxe guztiak ixtea: «Orain dela gutxi, Nafarroako Gobernuak luzapen bat atera zuen, sei hilabetekoa, non ez dieten lizentziarik emango apustu etxeei. Luzapen horren aldekoak ez gara, baina kontrakoak ezta ere. Pausu bat da, baina ez da nahikoa. Gure helburua da guztiak ixtea».

Plataformatik herria mobilizatzen jarraituko dutela iragarri du: «Guk gure bidea egiten dugu eta erakundeek beraiena».

Jaurlaritza Logoa