En directo

Naiz Irratia

Aurtengo Durangoko Azokak iada badu irudia

Urteroko zita da Durangoko Azoka sortzaile eta euskal kulturaren maitaleentzat. Abenduaren 5etik 8ra izango den azokari Oier Zuñiga iruindarrak jarri dio irudia. Kartelak Azokaren «esentzia» islatzen duela esan digu Nerea Mujikak, Gerediaga elkarteko presidenteak.

Audio_placeholder

Aurtengo Durangoko Azokak iada badu irudia

Loading player...
Nerea Mujika, aurtengo kartelaren ondoan. (Marisol RAMIREZ / FOKU)
Nerea Mujika, aurtengo kartelaren ondoan. (Marisol RAMIREZ / FOKU)

Oier Zuñigak egindako kartelak lau zati bereizten ditu, eta bakoitzak Azokako ezaugarri bati erreferentzia egiten dio: burua (sormena), bularra (zabaldu-erakutsi), gerria (hartu eta eman) eta hankak (akzioa eta mugimendua). 'Durangoko Azoka osorik DA!' aurtengo lema izaki, hori bera irudikatzen da bertan Nerea Mujikaren esanetan.

«Azoka bera liburu eta diskoaren salmentaz gain kulturaren beste aurpegien erakuslehio ere bada», aldarrikatu du Gerediaga elkarteko presidenteak. «Uste dut Gerediaga elkartea zein bere ekosistema egoera berrietara ari dela moldatzen, aurrera begiratu eta belaunaldi gazteen berrikuntzak bultzatu nahiean; eta kartela, horren emaitza da».

Pasaden urteko berritasun bat Azokaren Sormen Beka izan zen. Beka honek euskarazko kultur produktu baten sorkuntza hasieratik amaierara garatzen laguntzeko helburua du, hasi ideiatik eta bere zabalkundera arte. Edizio honetako gaia musika da eta irabazlearen berri aurrerago jakingo dugu.

Programazioan lanean dabiltza murgilduta, baina abenduaren 5eko goiz horretan ikasleei bideratutako tailer bereziak egingo dituztela aurreratu du Mujikak. «Ardura eta ilusioa da hurrengo belaunaldiek gure kulturara hurbildu eta handitzean bere kasa Azokara etortzea».

Jaurlaritza Logoa