En directo
Nafarroako Auzitegiko lehen atalak ontzat eman du neurri batean Auzitegi bereko laugarren aretoak Imanol Salinas sindikalistari ezarritako 21 hilabeteko espetxe zigorraren kontra LAB sindikatuak jarritako helegitea.
Egitateen kalifikazioa nabarmen apaldu du epai berriak eta 450 euroko isuna ezarri dio Imanol Salinasi. Honela bada, ez da espetxera joango. «Lasaitasun handia» izan da sindikatuarentzat epaia, hala baieztatu du Itxaso Torregrosak LABeko kideak.
Halaber, urriaren 10ean Imanol Salinas eta Jose Javier Oses epaituko dituzte Huerta de Peralta enpresaren atean furgoneta bat aparkatzeagatik: greban zeuden langileak legez kanpo ordezkatzea eta kanpotik ekarritako lehengaien sarrera «eragoztea» zen ekintza horren helburua.
Autoinkulpazio kanpaina baten hasiera iragarri du Torregrosak: «adierazteko Imanol Salinasek eta Jose Javier Osesek ez dutela errurik, eta hazten ari den prekaritatearen kontra ekintza sindikala inoiz baino beharrezkoagoa dela».
Epaitegiei borroka sindikala «ez jazartzeko» eskatu eta herritarrei dei egin die LAB sindikatuko kideak langileen defentsan antolatzen diren borroka guztietan «parte hartzeko».