«Soinu garbiekin ere intentsitate altuak lortu daitezkeela konturatu naiz»
Kantuaren soiltasunaren bila ibili da Urtz taldea bere lan berria kaleratzeko. Hamasei kantuko bilduma bat da, abesti berri bakarra duena, eta gainerakoak modu sentibera batean landu dituztela esan daiteke. Antzokietan ari dira ‘Urtzen’ lan berria aurkezten.
This browser does not support the audio element.
Kantuei buelta bat eman diezue eta sentiberatasun puntu bat gehitu. ‘Urtzen’ hortik dator?
Izenburua eamten diogu lan honi, bira akustikoari ere bai… Hitz joko bat da. Aspalditik ginen abestiaren erroetara joateko gogoz. Abesti gehienak gitarra akustiko batetik, edota piano batekin, edota ahots hutsez sortu ziren eta, esentzian, abestiak horrela izan ziren noizbait. Nire baitan askotan nituen horrela kantuak, baina entseatzeko tokian beti beste modu batean janzten dituzu, gure kasuan distortsio eta halakoekin, eta banuen gogoa berriz ere biluztasun horretara eramatekoa.
Kantu batzuetan sintetizadoreak entzun ditugu, sokazko instrumentuak ere bai. Baina zer den elektronikoa eta zer jotakoa batzuetan lausotzen da.
Denetarikoak daude, bai. Biolinak Nika Bitchiashvilik jo zituen eta Igor Cerain izan dugu pianoan. Zuzenekoetan, gainera, bi instrumentuak ere batu dira. Baina egia da sintetizadoreak ere badaudela, erremintak baliatu ditugu kantuei gorputza emate aldera.
Abesti batzuetan tempoa jaitsi duzue, indarra beste modu batetara transmititu duzuela esan dezkaegu, ezta?
Bai gertatu zaidala niri pertsonalki, diska hau prestatzerakoan, indarra edo potentzia lortzeko beste modu batzuk badaudela jabetzea. Lehen gure buruan izaten zen halako gauzetarako distortsioa edota bateriaren kolpeak zeudela, baina soinu garbiekin ere intentsitate altuak lortu daitezkeela konturatu naiz eta kontraste horiekin jokatu dugu.
Apurtutako ahotsak ere entzun ditzakegu diskoan. Denborarekin horiek egiten ikasi egiten da, berrikasi egin behar da edota forman mantendu behar da?
Momentuz ahotsak errespetatzen nau. Etapa honetan ahotsarekin asko gozatzen nabil, beste testura batzuk landuz, abesti bakoitzari bere punttua topatuz… eta modu akustiko honetan toki gehiago dago desberdintasun edo sentsibilitate apur bat gehiagorekin aritzeko.
Diskoari izena ematen dion kantuan, ‘Urtzen’ abestian, gauzei bere balioa ematez ari zarete.
Taldearentzat oso kantu garrantzitsua izan da. Lanari izena eman diolako, baina baita barruko mezuagatik ere. Abestiak dion moduan, norberak, egunero aurrera egiteko, bere baitan koloreak bilatu behar ditu, barruko polit hori ateratzeko esfortzua egin behar du mundua nola dagoen ikusita.
Abesti berri bakarra hau da.
Bai, hala da, nahiz eta bestelako moldaketaren bat ere badagoen. Adibidez, ‘Ihes’ eta ‘Zu nigan’ fusionatu ditugu, zuzenean oso gutxi jo izan baititugu. Oso pozik geratu gara konponketa horrekin ere.
Hautaketa egitea erreza izan da?
Keba. Azkenean abesti pila bat egin ditugu bide honetan guztian, baina batzuk berriz grabatzea behar genuen. Batzuk baziren balada moduan, baina beste batzuk, indartsuagoak zirenak, goxatu egin nahi genituen. Moldaketa berezi hauek horregatik etorri dira. Dena dela, diskoan sartu ez direnak, zuzenekoetan jotzen hasi gara eta, beraz, zuzenekoetan badira beste hainbat.
‘Bihotzak urtzen’ izena du diskoetako batek. Nolabait ere maitasunari lotutako kantuak dira?
Baietz esan daiteke. Balada modukoak izan direnak saiatu gara bertan sartzen. Egia da, era berean, guk bihotza terminoa askotan erabili izan dugun zerbait dela gure abestietan, baina kantu lasaienak bildu ditugu bertan. Bigarren diskoa, berriz, ‘Izotza Urtzen’, kantu indartsuagoak ziren horiekin osatu dugula esan dezakegu. Kantu horiek antzokietan jotzeko birmoldatu ditugu.
Proiektu hau noiz jarri zenuten martxan? Hau da, noiz hasi zineten kantuak moldatzen eta hori guztia?
Bada esango nizuke duela bospasei urte dagoeneko hasi ginela honetaz pentsatzen. Tira, egiari zor, nire buruan askoz ere lehenagotik zegoen. Baina egia da taldearekin lokalean hasi ginela konponketak egiten, batez ere Dani Vicenterekin, gitarra-jotzailearekin. Izan ere bere estudioa, Sestaoko Polo Sur, da gure entsegu lokala eta bertan egiten ditugu lanketa guztiak. Hortaz, lan potoloena 2025ean egin dugu. Hor egon gara buru-belarri proiektuan sartu eta antzokietarako prestaketa guztia egitea.
Antzokiak zer du berezia zuretzako?
Orain arte Lekeition eta Bilbon izan gara eta sekulako esperientzia izaten ari da. Antzoki batek beti sortzen dizu halako zirrara bat. Iluntasunarekin egiten duzu topo eta baita isiltasunarekin ere. Hortik abiatu eta sortzen den guztiak beste garrantzia bat hartzen du. Halako toki batean soinurik txikienak ere sekulako indarra izan dezake. Jendea eserita dago, oso adi eta horrek ere harritzen zaitu. Batez ere abestia jotzen ari zaren denboran atentzio handiz begiratzen zaituztelako eta barruko emozioa bukaeran adierazten dutelako. Errespetu handia genion guzti honi horregatik. Antzokian gauza onak eta onak ez direnak anplifikatu egiten direlako, hortaz, dena ondo egin beharra dago. Hala, oso esperientzia polita izaten ari da.
‘Kaixo’ klasikoaren moldaketarekin harrapatu gaituzue. Tremolodun gitarrak country mundura eramaten gaitu, minorretan estrofak, maiorretan errepikak… nola hartu du jendeak abesti hau entzun duenean?
Gure artean ere zalantza asko izan genituen abesti honekin. Momentu batzuetan sekulako ideia iruditzen zitzaigun, baina, gero, halako aldaketa handi baten aurrean beldurra ere sortzen da. Baina lokalean jotzen genuenean pila bat disfrutatzen genuen aipatu duzun tonalitate horietan eta azkenean oso gustura geratu gara. Abesti hain ezaguna denean beti sortzen dira zalantzak, baina polita izan da. Publikoak ere oso ongi hartu du, ez dugu ez aurpegi arrarorik ez antzekorik ikusi. Akustikoan jotzeko oso erosoa da, gainera.
Oraindik ere publikoak jolas egiten du kantuarekin? Parean asmatu ezinda hor ibiltzen da asko kantuaren elkarrizketa honetan…
Abesti honek oso sinplea dirudi, baina baditu bere gauzatxoak erritmo aldetik eta abar. Konplexutasun puntu bat du ez dirudien arren. Poz handiak eman dizkigun abestia izan da eta oraindik ere zuzenekoetan magia berezi bat sortzen du, kontzertura datorren edonork konektatzen du bere barruko ume horrekin eta oso polita da barruko lotsak eta nola desagertzen diren ikustea.
Eta transmisioa egon dela belaunaldien artean, jakina.
Bai, eta modu potente batean, gainera. Ikusten dira haur txikiak beren artean abesten, jolas hori egiten eta horrek indar asko ematen du. Duela ia berrogei urteko kantu batek oraindik ere bizia duela ikusteak asko balio du. Gainera, guraso eta dagoeneko aiton-amonak dira etortzen direnak guregana. Durangon etorri zitzaigun gaztetxoren bat bere amonarentzat sinadura eskean. Urteak pasa dira eta belaunaldi berriak ere badatoz.
Gitarra festa itzela entzuten da kantuetan baina ez dakit zuzenekoan zenbat entzungo diren. Zu akustikoarekin?
Bai, hori da, ni akustikoarekin izango naiz eta Dani aldatzen ibiliko da.
‘Negua datorrenean’ izan zen zuen lehen hit-a. Hau ere barruan.
Maketako ‘Zelatan’ kantuarekin hasi ginen baina «ai amatxo» (hori dio ‘Negua datorrenean’ kantuak) oso potentea izan zen bai. Zazpi minutuko kantua zen eta erokeria moduan ulertu bazen ere, oso onartua izan zen.
Kontzertuak abian dira, baina badatoz berriak ere.
Bai, esan bezala Lekeition eta Bilbon izan gara eta datorren otsailaren 28an, Iruñean, Nafarroako Antzerki Eskolan izango gara. Gero, martxoaren 5ean, Gasteizen, Jesus Ibañez de Matauco Antzokian; apirilaren 17an, Donostian, Antzoki Zaharrean; eta, momentuz azkena, maiatzaren 23an, Donapaleun, Sant Louis zineman. Esperientzia oso potentea eta polita izaten ari da eta espero dezagun data gehiago sortzea formatu honetan.