«Euskal Herrian dagoeneko Palestina zatitxo bat bizi da»
Gernika-Palestina deialdi herritarrak ‘Palestina Euskal Herrian dago’ kanpaina jarri du martxan. Ibon Meñika plataformako kideak «eskura ditugun baliabideak estrategia komun baten zerbitzura» jartzean egin du azpimarra NAIZ Irratian, «gurera datozenak bizitza duin eta integral bat» gauzatu dezaten.
This browser does not support the audio element.
200 bat palestinar bizi dira gaur egun Euskal Herrian Gernika-Palestinaren zenbaketaren arabera, baina ahalik eta modu «zorrotz eta objektiboenean» jaso nahi dituzte datu horiek. Ez bakarrik zenbakietan oinarrituz, zenbaki horien atzean dauden bizitza, errealitate eta perfilak osatuz ere.
Hori da ‘Palestina Euskal Herrian dago’ kanpainaren funts nagusietako bat: Euskal Herrian bizi diren palestinar herritarren inguruko ikerketa-diagnostikoa egitea. Lanean dabiltza dagoeneko Mohammed Farajallah aktibista palestinarra eta Amaia Herrero Emari Berdintasunerako Aholkularitzako kidea. Diagnostiko horren bitartez zehaztuko dute zeintzuk diren pertsona horien babesa bermatzeko hartu beharreko neurriak.
Komunitatea
Hasieratik izan du Gernika-Palestinak Euskal Herrira heltzen diren palestinarren «bidelagun» eta «elkarlanerako euskarri» izateko xedea. Meñikak azaldu du «izaera eta errealitatea guztiz ezberdinetako pertsonak» izanik ere «egiturazko zenbait elementu» partekatzen dituztela: «muturreko egoeratan Gazatik ihes egin, sendia han utzi, genozidioa pairatzen jarraitu eta, behin hona helduta, bizitza duin bat gauzatzeko baliabide eta harrera falta dute».
Horregatik eskeini du Gernika-Palestinak bere burua herritar, mugimendu sozial eta instituzioekin batera elkarlan estrategiak sustatzeko asmoz. «Ez gabiltza kritika zorrotzena egiten, dagokigun estrategia kolektiboak egin ahal izateko akuilu lana egiten baino». Plataformako kideak argi du euskal komunitatea ari dela erantzuten salatuz eta elkartasuna adieraziz, baina ez behar beste palestinarren errealitate eta problematikari dagokionean, «instituzioek paper fundamentala betetzen dute».