«Isun hauek herri mugimendua zigortzeko eta higatzeko tresna dira»
Aroztegiko auzipetuei ezarritako isunei aurre egiteko abiatu duten elkartasun kanpainaz hitz egin du Elurre Iriartek NAIZ Irratian. 70.000 euro biltzea dute helburu, proiektu urbanistikoaren aurkako protestengatik ezarritako zigorrak eta gastu judizialak ordaindu ahal izateko.
This browser does not support the audio element.
Aroztegiko proiektu urbanistikoaren aurkako mobilizazioengatik zigortutako baztandarrek elkartasun kanpaina jarri dute martxan, ezarritako isunei aurre egiteko. Guztira, 70.000 euro bildu nahi dituzte, zigorrak ez ezik, prozesu judizialetik eratorritako bestelako gastuak ere estaltzeko.
Elurre Iriarte elkartasun taldeetako kideak azaldu duenez, herritarrek ekarpena egiteko hainbat aukera izango dituzte. «Transferentzia bidez egin daiteke, baina baita herriz herri antolatuta ere, bertako elkartasun sareen bidez; jendeak badaki norengana jo eta horrek asko errazten du ekarpena egitea».
Momentuz, kanpaina martxan jartzea izan da lehen pausoa, eta aurrerago dinamika berriak sortzeko aukera zabalik utzi dute: «bi astetik behin bilduko gara, eta beharren arabera ikusiko dugu ekintza gehiago egitea beharrezkoa den ala ez».
Helburua handia bada ere, aurreko esperientziek baikortasunerako arrazoiak ematen dituztela nabarmendu du Iriartek. «Aurreko batean 56.000 euro bildu behar izan genituen, eta lortu genuen; horrek erakusten du jendeak erantzuten duela». Gainera, kanpaina Euskal Herri osora zabalduko dutela adierazi du: «Askok gutxi emanda ere, helburua betetzea posible da».
70.000 euroko kopurua zergatik zehaztu duten ere azaldu du elkarrizketan. «Isunak 62.000 euro ingurukoak dira, baina horri gehitu behar zaizkio abokatuaren gastuak eta bestelako tasa judizialak; horregatik jarri dugu kopuru hori».
Babes sozialari dagokionez, Baztanen eta inguruko herrietan erantzuna sendoa izaten ari dela azpimarratu du. «Edozein deialdi egiten dugunean, jendeak ongi erantzuten du; herritarrek argi ikusten dute neurriz kanpoko zigorra dela eta protesta egiteko modu guztietan parte hartzen dute». Harreman instituzionalei erreferentzia eginez, Baztango Udalaren jarrera positiboa nabarmendu du. «Udalak hasieratik proiektuaren aurkako jarrera izan du, irregulartasunak salatu ditu eta azken urteotan babesa eman digu».
Nahiz eta proiektu urbanistikoa geldiaraztea lortu duten, Iriartek ohartarazi du oraindik ezin dela garaipen osoaz hitz egin: «Epaiketa amaitu da, baina enpresak helegiteak jar ditzake, eta litekeena da Auzitegi Gorenera jotzea; momentuz, obra geldirik egotea bera bada lorpen garrantzitsu bat». Isunak mantentzea herri mugimenduaren aurkako presio mekanismo gisa ulertzen dutela ere azaldu du. «Zigor ekonomiko handiek desgastea eragitea dute helburu; justizia sistemak ia beti zigorraren bat ezartzen du, eta horrela mugimendu sozialak ahultzen saiatzen dira».
Auzi honek etorkizunerako aurrekari garrantzitsua ezartzen duela azpimarratu du. «Talde kriminal gisa zigortuak izan bagina, edozein protestarentzat oso aurrekari arriskutsua izango litzateke; hori gertatu ez izana garaipen kolektiboa da, eta elkartasunaren indarra erakusten du».