IRRATIA
Interview
Mikel Bildosola
EH Bildu Getxoko bozeramailea

«Erroan dagoen arazoa ez da alkatea bera, erroan dago EAJk duen gobernatzeko eredua»

Getxoko Irurak Bat jauregitxoaren kasua tarteko Agirre alkateak dimisioa emateari uko egin ostean, «udal gestora baten sorrera» beharrezkoa dela berretsi du EH Bilduko Mikel Bildosolak, udal gobernuaren kudeaketak herria «egoera tamalgarri batean» utzi duela iritzita. 

Mikel Bildosola EH Bilduko bozeramailea, osteguneko udal batzarrean. (Aritz Loiola | FOKU)

This browser does not support the audio element.


Getxoko alkate Amaia Agirrek ez du dimisioa aurkeztuko, udalbatzaren gehiengoak hala eskatu arren Irurak Bat Jauregitxoaren auzia dela-eta. Elkarrekin Podemosen mozio batek PP eta EH Bilduren babesa jaso zuen ostegun honetan. Jauregitxoaren ikerketa oztopatu izana egotzi diote, hain zuzen ere, EAJko hiru zinegotzik kargua utzi behar izan dutelako, eraikina eraitsi zuen kooperatibaren partaide baitziren. Beste hiru udal teknikarik ere, postutik kendu dituzte.

«Erroan dagoen arazoa ez da alkatea bera, erroan dago EAJk duen gobernatzeko eredua», udalbatzarrean parte hartu zuen Mikel Bildosola, EH Bilduko bozeramailearen arabera. Dimisioaz harago, bazuen beste helburu bat EH Bilduren mozioak, Getxon «gardentasuna eta konponbidea» bermatzeko datozen hauteskundeetara arte. NAIZ Irratian berretsi du Bildosolak, Getxo «egoera tamalgarri batean» utzi duela EAJk eta PSEk osatutako gobernu taldeak eta «udal gestora baten sorrera» izan behar duela Getxo egoera honetatik ateratzeko modurik egokiena.

Azken ikerketei buruz galdetuta, Bildasola «kezkatuta» agertu da udal gobernu osoak izan dezakeen arduragatik: «Politikari moduan, gure ardura da dena ezagutzea eta erabakiak zentzuz eta seriotasunez hartzea. Kasu honetan, egia da gobernu batzar horretan bozkatu zutena ilegala zela eta, nahiz eta beraiek esan horrela ez zenik, frogatuta dago. Horrek kezka sortzen digu eta agerian uzten du zein den bai EAJk bai PSEk daukaten gobernatzeko eredua: gauzak ez dituztela seriotasunez hartzen».

Aitor Estebanen hitzen harira, zeinetan esaten zuen jokaera «legala» zela, Bildasolak eskatu dio «gauzak hobeto irakurtzeko eta ondo informatzeko», eta gogoratu du bere taldeak ez zituela informazio batzordearen albisteak jasotzen, EH Bilduko bozeramailea kausa administratiboan pertsonatuta egon arren.