«Lasai Ibiltzeko txerria da» 'Poxpolin', Donostiako San Tomas azokako izarra
Donostiako Konstituzio plazan egongo den txerria hazteko ardura izan du bigarren urtez jarraian Aranzeta baserriko Peio Bilbaok, Basatxerri elkarteak eskatuta. Jan eta lo egitea, horiexek dira Poxpolinen jarduera gustukoenak, animalia errespetuz tratatzera deitu duen Bilbaoren arabera.
This browser does not support the audio element.
Elgetatik gertu dauden mendien artean hazi dute Donostiako San Tomas eguneko (abenduak 21) azokaren erdigunean egongo den txerri ospetsua. 'Poxpolin' estreinakoz izango da azoka ospetsu hartan, Aranzeta baserriko Peio Bilbao ordea, iaz lanak ondo egin izanaren bermearekin bueltatuko da Gipuzkoako hiriburura. «Lasai ibiltzeko txerria da, bai mendian bai barruan, nahi dabena egiten», azaldu du Bilbaok, 'Poxpolin' atzean duela etzanda, gustura. «Ikertzea eta bazterrak nahastea» gustuko zuen 'Kaxilda' iazko txerriaren parean, atseden hartzearen zale da 'Poxpolin', Bilbaok dionez, «Lasai-lasai egoten da, norbera joan arte ikutzera, mugitu ez». Izaeraz harago, 'Kaxilda' zen bezain ederra da 'Poxpolin', eta haragi kalitate berekoa.
Duroc arraza ospetsukoa den eta Donostiara 350 kiloak aise gaindituta helduko den urdeak dieta oso ona eduki du. Inolako gehigarrik kimikorik gabeko pentzuari, Aranzeta inguruan topatu dituen gaztainak, urrak eta bestelakoak gehitu dizkio, azken finean, azokan salduko ez den arren, txerri guztien partu berberaren zain dagoelako 'Poxpolin'. Basatxerri elkartea arduratuko da salmentaz eta gutxi batzuek beraz, San Tomas azokako txerria dastatzeko aukera izango dute.
Zozkatuko ez diren animaliak azoketan egotearen eztabaida alde batera utzita, izaki bat da Konstituzio Plazan egongo den 'Poxpolin' ez denbora-pasa bat, eta ondorioz begirunea zor zaiola ekarri du gogora Bilbaok, «jendeari esan behar zaio errespetu guztiarekin egoteko. Txerria ukitzeko ez dago aukerarik, ez da komeni, kanpotik gaixotasunak sartzeko beti dagoelako arriskua. Segurtasun hesiarekin egoten da, baina ikusteko ez da inolako arazorik egoten. Aurreko urtean jende askok ikusi ahal izan zuen eta aurten ere ez dago arazorik».
Txerri haragiaren segurtasunaz
Basurdeetan atzeman diren Txerri Izurri Afrikarraren agerraldiak tarteko, Katalunia osoan, eta bertatik kanpo ere ezinegona zabaldu den unean helduko da aurtengo San Tomas eguna. Soilik basurdeetan eta Katalunian agertu den gaitza da, gizakiei gainera eragiten ez diena. Ondorioz, Euskal Herrian ekoitzi denean, «ez dago inongo arazorik txerri haragia kontsumitzeko», Aranzetako Peio Bilbaok ziurtatu duenez. Euren kasuan gainera, txerri guztiei txertoa jarrita diete eta euren etxaldea babestuta dago, animalia basatirik ez sartzeko.