«Beti oreka bilatzen dugu desoreka sozial honetan, derrigor erortzen gara kontraesanetan»
Talde esanguratsutan aritu da bateria jotzen Galder Izagirre; Dut, Kuraia eta Berritxarrak. Bakarka ari da orain. Otea Lilin izan da.
This browser does not support the audio element.
Galder Izagirre (Irun, 1974). Bateria jotzailea eta argazkilaria da. Hiru izan dira izan dituen taldeak, eta guztiak dira esanguratsuak: Dut (3 disko), Kuraia (3 disko) eta Berri Txarrak (4 disko). Orain, ordea, bakarkako Galder izeneko proiektuan dabil eta disko asko argitaratu ditu.
Aita da. Patxadaz eta geldiro hitz egin du Otea Lilin. Hausnarketak horrela eskatuta. Bukaeran aitortu du solasaldiko galderekin azterketa zaila jarri diogula. Argazkigintzaz dio satisfakzio handienak lortu dituela gizabanakoak bere inguruan ongi txertatu dituenean. Denboraren kontsumo positiboak direla uste du idaztea, musika sortzea, irakurtzea, seme-alabekin eta maite dituenekin egotea. Lana duenarentzat eta ez duenarentzat ere ez dela duina esango du. Estralurtarrei SOS bat bidali die, pena baita gizakiok bakarrik egotea hemen. Kaosa, zigorra, espetxeak, sistema, legea, polizia, euskaldun izatea eta abar aletu ditu elkarrizketan zehar.
Galder Izagirrek hainbat esaldi esanguratsu utzi ditu Otea Lili saioan. Hemen laburpentxoa: «Kontsumoaren ferian bizi gara, ez bakarrik gauzena, hor dago berreskuratzen ez den altxorrik preziatuena: berriro bueltatuko ez den denboraren kontsumo arduragabean bizi gara, behar faltsuak sortzen ditugu etengabe». «Desazkundearen alde nago, baina neure kontraesanekin bizi eta hilko naiz». «Legea denentzat berdina dela esaten den horretan sinesten dut, baina ez dakit non aplikatzen den, ez dut ezagutu horrelakorik». «Euskaldunok zaindu beharko genuke inork baino hobeto geure hizkuntza». Galder ez litzateke ertzain egingo, ez du aurkitzen arrazoirik ertzain izateko. «Indarraren arrazoia arrazoiaren indarraren gainetik jartzen du poliziak».