IRRATIA

«Beldur Barik lehiaketak gazteek indarkeria matxistari nola aurre egiten dioten erakusten du»

Beldur Barik lehiaketak 300 lanetik gora jaso ditu aurten, eta gazteek indarkeria matxistari aurre egiteko sortutako bideoak izan dira protagonista. Oihana Llorentek, NAIZ Irratian azaldu du lehiaketak gazteen ahalduntzea eta kontzientziazioa sustatzen dituela.

Bilboko mugimendu feministaren manifestazioa, indarkeria matxista kasu bat salatzeko. (Marisol Ramírez | FOKU)

This browser does not support the audio element.


Beldur Barik lehiaketaren azken edizioak parte hartze oparoa izan du aurten, 300 lanetik gora aurkeztuta. Gazteek euren ikus-entzunezko sormenaren bidez indarkeria matxistaren egoerak identifikatu eta horiei aurre egiteko hausnarketa kolektiboak landu dituzte. Oihana Llorente, Parean elkarteko kideak azaldu duenez, lehiaketaren xedea argia da: «Gazteek beraien errealitatean sumatzen dituzten indarkeria matxistaren adierazpenak ikusaraztea eta horiei aurre egiteko jarrerak indartzea».

Llorentek nabarmendu du lehiaketa 12 eta 20 urte arteko gazteei zuzenduta dagoela, eta irizpideak sinpleak direla: «Hiru minutu azpiko bideoak izan behar dira, azpitituluak izan behar dituzte eta beldur barik jarrera erakutsi behar dute; hortik aurrera, parte hartzaileek askatasun osoa dute». Horrek, Llorenteren hitzetan, gazteei aukera ematen die beren ikuspegia modu pertsonalean edo kolektiboan lantzeko.

Parte hartzaileen profilari dagokionez, datuek joera garbia erakusten dute: neskak dira gehiengoa. «%60 eta 67 artean ibiltzen dira neskak, eta ia %35 mutilak», azaldu du Llorentek. Horrek badu isla aurkeztutako lanetan ere, maskulinitatearen inguruko hausnarketek presentzia handia hartu baitute: «Oso gogoeta interesgarriak jaso ditugu maskulinitatearen esparrutik, eta bi bideo irabazleak hortik doaz».

Irabazleen artean dago «Zu... aldatzeko prest zaude?» lana, Oñatiko Institutuko Lanbide Heziketako ikasleek egina. Bertan, espazio maskulinizatuetan nesken egoera eta mutilek egindako hausnarketak uztartzen dira. Llorentek azaldu duenez, bideoak «oso modu garbian erakusten du nola okupatzen den espazioa eta nola sentiarazten diren emakumeak ikasgela maskulinizatuetan».

Sare sozialen eta gaur egungo teknologien eragina
Sare sozialen eragina ere ezin izan da baztertu. Llorentek adierazi du gazteek badakitela plataforma horiek aukera eta arriskuak uztartzen dituztela: «Sare sozialak tresna interesgarriak izan daitezke indarkeria matxistari aurre egiteko, baina mezu matxistak zabaltzeko ere erabiltzen dira». Horren adibide argia da «Youtuber Toxikoak» bideo saritua, sareetan dauden praktika matxisten atzean dagoen diskurtsoa agerian uzten duena.

Kontzientziazioa da erronka nagusia. «Indarkeria matxistaz askotan icebergaren puntari buruz hitz egiten dugu, baina azpian dagoena zalantzan jartzen ez dugun bitartean, arazoak hor jarraituko du», ohartarazi du Llorentek. Horregatik, hezkuntzatik eta talde-lanetik abiatzen diren prozesuak dira lehiaketaren benetako balioa.

Lehiaketaren helburu eta xedeak
Aurten, gainera, publikoaren botoa ere txertatu da, herritarrek bideo gustukoenak aukeratzeko aukera izan dezaten. Helburua ez da soilik saritzea, baizik eta mezua zabaltzea: «Gazteek gazteentzako egiten dituzten bideo hauek lau haizetara zabaltzea garrantzitsua da, kontzientziak astintzeko».

Beldur Barik lehiaketak beste behin ere erakutsi du gazteak prest daudela errealitatea aztertzeko, salatzeko eta alternatibak proposatzeko. Indarkeria matxistaren aurkako jarrerak indartzea da bidea, eta, Llorenteren hitzetan, «horretan jarraitzeko konpromisoa irmoa da».