IRRATIA

«Justua iruditzen zitzaigun Nafarroako Bertsolari Txapelketak, final handi bat edukitzea»

Azaroaren 29an izango da Nafarroako Bertsolari Txapelketako azken hitzordua, finala. Nafarroa Arenan egingo da lehen aldiz, eta zortzi buru arituko dira txapel bakarra irabazteko lehian. Honen inguruko xehetasunak emateko ZEBRABIDEAN izan da Saioa Oneka, Nafarroako Bertsozale Elkarteko kidea.

Nafarroako Bertsolari Txapelketako Finalistak (FOKU)

This browser does not support the audio element.


Azaroaren 29an, larunbat honetan, izango da Nafarroako Bertsolari Txapelketako azken hitzordua. Aurtengoan lehen aldiz jokatuko da finala Nafarroa Arenan. Saioa Oneka, Nafarroako Bertsozale Elkarteko kidea izan da Arrosa Sareko ZEBRABIDEA saioan, eta argi adierazi du, Nafarroako Txapelketak, final handi bat edukitzea merezi duela.

«Nafarroako Bertsolari Txapelketak daukan bolumena eta tamaina ikusita, bai ikusle aldetik, eta baita bertsoen kalitatearen aldetik, justua iruditzen zitzaigun Nafarroako Txapelketak, final handi bat edukitzea» 

Bertsolaritza lurralde guztira hedatzeko apustua egin dute aurtengoan. Bertsogintzaren egoeraz galdegitean honakoa erantzun du Saioak: «Nafarroa anitza da bere osotasunean eta bertsolaritzari dagokionez ere berdina da da egoera». Zonalde batzuetan, «guztiz bizirik eta martxan» dago Bertsolaritza, eta beste batzuetan «mugimenduan badago» baina iristeko zailagoak izan daitezke.

Testuinguru honi erantzuna emateko asmoz, Bertsolaritza lurralde guztira heltzeko helburuari eutsi nahi izan diote aurten, eta lortu dutela esan daiteke. «Lur ezberdinetatik ibili gara. Testuinguru ezberdinetara bertsoa eramatea, eta herrietako erantzuna ikusita, gerturatu diren kide kopuruak ikusita, ba zentzu horretan zoriontsu gaude eta bertsolaritzak mugimendua ere baduela ikusi ahal izan dugu».

Irailean 24 bertsolarik ekin zioten txapelketako bideari. Zortzi heldu dira finalera: Ekhiñe Zapiain Arlegi, Eki Mateorena Zozaia, Eneko Lazkoz Martinez, Joanes Illarregi Marzol, Julio Soto Ezkurdia, Saioa Alkaiza Guallar, Sarai Robles Vitas eta Xabat Illarregi Marzol. Argazki «berri» eta «ireki» bat eskaintzen digu aurtengo finalak.

«Ibilbide eta adin ezberdinetako bertsolariak dauzkagu, txapela zenbaitetan irabazi dutenak, eta baita berriak ere. Lurraldetasun aldetik ere, Nafarroalo lurralde osoa ez, baina zonalde asko hartzen ditu finaleko irudiak. Eta genero aldetik ere azpimarratzekoa da aurten lehenengoz hiru emakume izango ditugula finalean, hori ere aurrera pauso edo urrats bat dela esan dezakegu».

Txapeldunaz gain, txapel emailea ere izaten da finaleko protagonistetako bat, eskertza eta aitortza izan ohi da txapel emailea izatea. Aurtengoan Zaldiko-Maldiko elkartea izango da txapel emaile. 

Guzti hau ordea, ez da ezerezetik sortzen. «Finalak eta txapelketa osoak, ehundik gora boluntario mugitzen ditu, eta inurri lanetan urte osoan aritzen direnen indar hori ere ikusten da txapelketaren garaian. Ekosistema oso bat dago hor atzetik eta eta hori argi islatzen du txapelketak».

 

Bihar jakingo dugu nork jantziko duen txapela, eta NAIZ Irratiak zuzenean eskainiko du. Kontatzera Noazuko Eli Pagola eta Andoni Rekondo izango dira gidari, Alazne Untxalorekin batera. Larunbatean, azaroaren 29an, 17.00tatik aurrera Iruñeko Nafarroa Arenatik zuzenean izango duzue Nafarroako Txapelketako finala NAIZ Irratian.

Eta Nafarroakoa bezala, gainerako herrialdetako txapelketetako finalak ere NAIZ Irratiak zuzenean eskainiko ditu.