«Smurfit Westrock-ek dituen ingurumen eta gizarte ondorioak ezagutarazi nahi ditugu»
Mundu mailako paper eta kartoizko enbalaje enpresarik handiena da Smurfit, honen negozioak Kolonbiako tokiko komunitateen bizitza eredua eta biziraupena bera jokoan jartzen dituela salatzeko dokumental bat aurkezten ari dira Komite Internazionalistak.
This browser does not support the audio element.
‘Smurfit, criminal ambiental’ dokumentalak Smurfit Westrock transnazionalak Caucan (Kolonbia) lurrak metatuz eta merkantilizatuz eragiten ari den desegituraketa sozial eta anbientala azaltzen du eta horren aurka komunitateek antolatu duten erresistentzia, lurrak ekintza zuzenaren bidez berreskuratuz.
Maialen Etxebarria Zorroza eta Miren Ibarra Laresgoitia Komite Internazionalistak taldeko kideekin izan gara.
Zergatik da interesgarria Euskal Herrirako?
Smurfit Westrock (aurrez Smurfit Kappa) kapitalismo extraktibistan oinarritzen da, baliabide naturalen ustiapen intentsiboan eta klase zapalkuntzaren kontura etekinak maximizatzea lehenesten du. Inpaktu handiena tokiko biodibertsitatearen ordez pinu eta eukaliptozko monolaborantzak erabiltzea izan da. Espezie horiek, «garapen jasangarriaren» izenean, ekosistemaren suntsipena eta bizitzaren suntsipena ezkutatzen dute. Euskal Herrian ere lantokiak ditu eta gure herrian ere pinu eta eukalipto monolaborantza ugari dugu. Interesgarria iruditzen zaigu ikertzea enpresak hemengo lurren pribatizazioarekin eta honekin batera basogintza ereduarekin duen erlazioa.
Izan ere, Smurfit Westrock paper-ore eta kartoizko kaxak egiteko enpresa multinazionala da. Papergintzaren industriako erraldoia da, 36 herrialdetan baino gehiagotan dauzka lantokiak, Europan eta Amerikan, batez ere. Munduko txoko askotara heltzen da, baina bere presentzia handia da Latinoamerikan, bereziki Kolonbian. Euskal Herrian, berriz, 4 lantoki ditu 800 langile ingurekin: Iurretan, Cordovillan, Zangotzan eta Agoitzen.
Zer egiten du Cajibion?
Smurfit Kappa Kolonbiako basorik handienetakoen jabe eta ustiatzailea da. Bertan, bere filial nagusia Smurfit Kappa Cartón de Colombia da. Bere negozio nagusia pinua eta eukaliptoa landatzea da, zuhaitz hauek moztu, paper-orea lortu eta kartoizko kaxak ekoizteko. Kolonbian duen ekoizpena Estatu Batuetara eta Europara esportatzeko da nagusiki.
«Smurfitek lurrak lortzeko erabilitako metodoek komunitate indigenei eta afrokolonbiarrei lurrak kentzea ekarri dute eta bortxazko desplazamenduak eragin»
Zergatik Caucan?
Alde batetik, lurraldeari berari dagozkion ezaugarriak daude, Smurfitek beharrezkoak dituen ustiaketarako lurrak oso egokiak direlako pinua zein eukaliptoak landatu ahal izateko. Izan ere, eskualde menditsua da eta bertako klima epelek eta emankorrek pinuen eta eukaliptoen hazkuntza azkarrera bultzatzen dute. Horrez gain, papergintzak ur kantitate izugarria behar du, eta Cauca ibaiak eta bere adarrek hornidura bermatzen dute. Are funtsezkoagoa den arrazoi bat da lurrak erosteko eta saltzeko aukerak errazak direla, urteetako kolonizazioaren ondorioz. Komunitate indigena eta afrokolonbiarren lurretan, baita nekazariek euren bizimodua garatu duten lurretan ere, lurren titulazio falta eta estatu eta nazioarteko multinazionalen okupazioa izan da oinarri. Hain zuzen, erraza izan da multinazional hauentzako lur hauek eskuratu eta horiek mozkin ekonomikoak lortzeko ustiatzea. Kolonizazio garaitik datorren lurraren banaketa desegokia garai hartako ogasun sisteman daude, lurra latifundisten esku geratuz. Horren adibide da Smurfit Westrock enpresa.
«Komunitate horiek beren lurretik aldendu dituzte, eta honen ondorioez euren kultura, tradizioak eta biziraupen ekonomikoa galdu dituzte»
Zer ondorio ekologiko ditu praktika horrek?
Ondorio nabarmenak ditu Smurfit Westrock Cajibioko lurretan garatzen ari den jardun eta ustiaketak. Nekazari zein indigenek beren egunerokotasunean behatu ahal izan dituzten inpaktu zuzenak izan ditu monolaborantzen zabaltzeak lurraldean. Monolaborantzek lurra agortzen dute, eta ongarri eta pestiziden erabilera masiboak lurra eta urak kutsatu ditu. Horrez gain, pinudi eta eukalipto monolaborantza masiboek baso autoktonoak ordezkatzen dituzte, bioaniztasunaren galera eraginez. Agrokimiko ugari ere erabiltzen dituzte. Nabarmena da, baita ere, ur eskasia; bai monolaborantza horiek eragindakoa eta baita fabrikak edo horren jardunak beharrezko dituen makinariak edo garraioak eragindakoak ere.
Komunitatean, berriz, Smurfitek lurrak lortzeko erabilitako metodoek komunitate indigenei eta afrokolonbiarrei lurrak kentzea ekarri dute eta bortxazko desplazamenduak eragin. Horrela, bada, ohiko ondasunen desjabetzea eman da, bizitza komunitarioa eta ekonomia lokala kaltetuz. Hain zuzen, komunitate horiek beren lurretik eta, beraz, lurraldetasunetik aldenduz; beren kultura, tradizioak eta biziraupen ekonomikoa galdu dituzte. Horrez gain, paramilitarismoarekin loturiko biolentziazko historia gordina izan du Kolonbiak eta testuinguru horretan garatu da Smurfit Westrocken jarduna. Kasu batzuetan, enpresaren presentzia paramilitarren presentziarekin eta komunitateen aurkako indarkeriarekin lotu da. Horren aurrean, komunitateek beren lurralde historikoak berreskuratzeko borrokan dihardute, eta horrek gatazka latzak sortu ditu Smurfiten enpresekin eta segurtasun-indarrekin.
TEVIIC antolatu dute: lurrak berreskuratzeko bizi-plana.
Alde batetik, Cajibion bizi diren komunitateek funtsezkotzat ikusi dute euren bizitzak garatu eta ondo bizi ahal izateko lurraldetasunak duen garrantzia azpimarratzea. Horretarako funtsezkoa da lurrak berreskuratzea eta bizi plan baten baitan lur horiek bertan bizi diren komunitateentzako izatea. Zentzu horretan osatu zuten indigenek, afrokolonbiarrek eta nekazariek TEVIIC deritzona, ‘Territorio de Vida, Interétnico e Intercultural de Cajibío’. Ez da lurraren jabetza juridikoa lortzea bakarrik, baizik eta komunitateen proiektu ekonomiko, kultural eta ekologiko propioak garatzea. Horrez gain, lurraldearen kontrola berreskuratzea funtsezkoa da bakea eta bizitza duina eraikitzeko, indarkeria eta lurra lantzen duten langile eta nekazarienena izatea. Horretarako, beharrezkoa da, alde batetik baso autoktonoa berreskuratzea, pinu monolaborantzak desagerraraztea. Erakunde kolonbiar eta internazionalistek artikulaturiko sare bat beharrezkoa dela ikusi da. Sare hau transnazionalen ustiaketarik gabeko lurraldeak eraikitzeko eta erresistentzia, autonomia eta autodeterminazioa borroka materialaren bidez garatzeko urrats garrantzitsua dela uste dugu. Kasu zehatz honi dagokionez, Smurfit Westrock multinazionala seinalatu eta bere arpilatze basatiari aurre egiteko sarea da Aliantza.
Euskal Herriko baso ereduarekin zer lotura egiten duzue?
Gure ingurura begiratu baino ez dugu egin behar ohartzeko gure baso asko eukalipto eta pinu monokultiboek osatzen dutela. Bizkaiko eta Gipuzkoako basoen %80 inguru ez dira jatorrizko basoak. Askok, halaber, lur sailen kudeaketa Foru Aldundiaren esku uzten dute, lur sail asko eta asko egur industriaren lobbyen atzaparretan utziz. Lehen monolaborantzak dituen ondorioak aipatu ditugu. Gainera, badakigu Smurfit bezalako transnazionalek «greenwashing» estrategia erabiltzen dutela ingurumenarekiko erantzukizunari buruzko irudi ona emateko, benetan ekologikoki jasangarriak ez diren jarduerak egiten dituzten bitartean.
Zer lanketa egin nahi duzue talde internazionalista gisa?
Internazionalista gisa, Euskal Herrian Kolonbiako Smurfit Westrock transnazionalaren ingurumen eta gizarte ondorioak ezagutarazi nahi ditugu, Euskal Herriko natur eragileekin artikulatzeaz batera. Salatzen dugu multinazionala baliabide naturalak ustiatu eta komunitateak desegiten dituen eredu estraktibista batean oinarritzen dela eta Kolonbian, pinu eta eukalipto sailekin ekosistemak degradatzen, baliabide hidrikoak agortzen eta lan-eskubideak urratzen dituela lurrak metatzen eta komunitateak bortxaz lekualdatzera bultzatzen dituen bitartean. Euskal Herrian, enpresa honek bioaniztasunari eta lurraldearen subiranotasunari eragiten dieten monolaborantzak bultzatzen ditu, Kolonbiakoaren antzeko praktikekin, lurren pribatizazioa eta basoen ustiapen intentsiboa bultzatuz. Ikus daitekeenez, Cajibioko lurraren inguruko gatazka ez da ingurumeneko edo tokiko arazo isolatu bat; kapitalaren eta bizitzaren arteko egiturazko gatazka islatzen duen beste adibide bat baizik.