«Estafa baten biktima» izan diren bi lagun etxegabetu nahi dituzte Basaurin
Cerverus funts putrearena den etxebizitza batetik bi lagunen kaleratzea dago aurreikusita ostegun honetarako. Etxegabetzea saihesteko helburuz bertaratu da ingurura Batuz Etxebizitza Sindikatua eta bertatik egoeraren berri eman dio Naiz Irratiari Pablo Oliverosek.
This browser does not support the audio element.
Etxegabetzeari bermea eman behar dion batzorde judiziala bertaratu aurretik, Basaurin etxegabetzea ekiditeko saiakera egiteko batu dira hainbat herritar eta eragile, tartean Batuz Etxebizitza Sindikatua, eragile honen kide baitira hain zuzen, kaleratuak izateko mehatxupean daudenak. «Gure bi kideak estafa baten biktima izan ziren», dio Batuzeko kide Pablo Oliverosek, azalduz «bat batean ikusi dutela beraien egoera inon erregulaziorik gabe zegoela», ez baitzuten kontraturik sinatuta, eta ordaintzen zioten pertsona desagertu zelako egun batetik bestera.
Espainiar Estatu osoan 10.000 etxebizitza inguru dituen Creverus funts putrearena da Basauriko etxebizitza hori eta uste du Oliverosek, Cerverusek «espekulazioa» duela helburu, ez baita inongo momentutan prest agertu bi maizterren etxegabetzea saihestuko lukeen edozein konponbide negoziatzeko, Batuz Etxebizitza Sindikatuko ordezkariak dionez, «gure kideak prest zeuden beraien egoera erregularizatzeko kontratupeko alokairu baten bitartez. Cerverusek ez du gurekin negoziatu nahi izan. Etxegabetzea gauzatzeko esfortzu guztiak aurrera eraman ditu».