«Aurreko Korrika bukatu zenetik gabiltza, etxe barruan bata bestearekin lotzen dugu zuzenean»
Hamaika egunez 2.500 kilometro gau eta egun geratu gabe egingo ditu 24. Korrikak, 2026ko martxoaren 19an hasita. Hamaika egunez zer egingo duen badakigu, baina nola prestatzen da Korrika? Galdera hau erantzuteko ZEBRABIDEAN izan dira, Amaia Arruti eta Asier Arroita, AEKko kideak.
This browser does not support the audio element.
Korrikaren 24. edizioa Atharratzetik abiatuko da 2026ko martxoaren 19an eta Bilbon bukatuko da hamaika egun beranduago, martxoaren 29an. 2.500 kilometro egingo ditu Euskal Herria gurutzatuz euskararen aldeko lasterketa erraldoiak, gau eta egun geratu gabe.
Guztiok dakigu zer den Korrika, guztiok hartu izan dugu noizbait parte, hamaika egunez 2.500 kilometro gau eta egun geratu gabe. Baina oso gutxik dakite zer den Korrika bezalako egitasmo erraldoi bat antolatzea. Zer egin behar izaten da Korrika antolatzeko? Galdera hau erantzuteko ZEBRABIDEAN izan dira Amaia Arruti, AEKko kidea eta Gipuzkoako Korrika arduraduna, eta Asier Arroita, AEKko kidea, IKTko lan taldearen arduraduna, eta Korrikako furgonetako kidea.
«Aurreko Korrika bukatu zenetik hortxe gabiltza, ematen du Korrika urtea edo Korrika ez-urtea dela, baina gurean etxe barruan bat bukatu eta bestearekin lotzen dugu zuzenean».
Korrika antolatzea ez da lan makala, eta gauza asko lotu behar izaten dira guztia ongi ateratzeko. Aurkezpena egin den honetan, inork pentsatu lezake lanak amaitu direla, baina oraindik denbora geratzen da martxoaren 19ra arte. Bitarte horretan, hainbat berri, sekretu eta ez horren sekretu argitara aterako dira, eta bitartean, AEKko lankideak buru belarri jarraituko dute lanean.